Trikidantz taldeak irekiko du programazioa ekainaren 19an eskolako frontoian 19:00etan emanen duen kontzertuarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 18ra arte, Estankoan eta Amaia kafetegian. Bi txartel mota izanen dira; eserlekuetarako eta gradetan esertzeko. Bost euroko prezioa izanen dute eta lortutako dirua Goittiki Haur Txokoarentzat izango da. Trikidantz taldearekin batera sorpresaren bat izanen dela aurreratu dute.
Beste hainbat ekitaldi
Bost kultur ekitaldi gehiago iragarri dituzte ekaina, uztaila eta abuzturako. Ekainaren 27an Mendialdeko Azoka izanen dute, uztailaren 15ean Karmen bezpera ospatuko dute eta uztailaren 17an ur-txirrista erraldoia paratuko dute ttikiek eta ez hain ttikiek gozatzeko. Abuztuaren 1ean Tio Teronen Semeak dantza taldearen ikuskizuna izanen dute eta azkenik abuztuaren 13an "Bertso txiki, infernu handi" saioa izanen dute Maialen Lujanbio eta Jon Maiaren eskutik.
Adin eta gustu guztierarako ekitaldiak izanen dira herritar guztiek gozatzeko, baina segurtasun neurriak mantendu beharko direla oroitarazi du Goizuetako Udalak.