Leitzako igerilekua irekiko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 14a, 14:05

Covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz, iaz ez zituzten Leitzako Udal Igerilekuak ireki. Aurten, segurtasun neurriak hartuta, zabaltzea erabaki dute.

Ekainaren 19tik irailaren 5a arte irekiko dituzte aurten igerilekuak, 11:00tatik 20:00etara egunero. Eguneroko sarrerekin funtzionatuko du aurten erreserba sistemak. Horretarako, leitza.reservas24h.es web orrian sarrerak hartzeko aukera emanen dute egunero 08:00etan agortu arte; 'Nire sarrerak' atalean sartuta erosleak identifikatuta sarrerak aukeratu eta ordaindu beharko ditu. Honez gain, harreran ere sarrerak erosteko aukera emanen dute, baina web orritik erostea gomendatu dute pilaketak ekiditeko.

Momentu honetan, edukiera 410 lagunekoa da, baina egoeraren arabera kopurua aldatu dezakete. Terrazan 43 lagun sartuko dira, aldageletan 10 (ezingo dira dutxak erabili), igerileku handian 100 lagun aldi berean eta txikian 11. Musukoa eramatea eta 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzea derrigorrezkoa izanen da, baita zonalde berdeko eremuetan ere. Sei laguneko taldeetan elkartzen ahalko da gehienez eta jatea, edatea eta erretzea terrazan bakarrik onartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun