Indarkeria jasan duten emakumeen inguruko batzarra egin zuten atzo Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 10a, 15:30

Emakumeen kontrako indarkeriari buruzko batzar irekia egin zuten atzo Leitzako Herri Aretoan, Emagin elkarteko kideekin.

2019an sortu zuen Leitzaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak indarkeria jasan duten emakumeen arretarako tokiko protokoloa. Indarkeria bizi izan duten emakumeen arretarako baliabideen koordinazioa hobetzea du helburu protokoloak, biktimen bizi kalitatea hobetzeko. Hau lortzeko, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko egoeraren diagnostikoa egin zuten. Azterketa honen emaitzen aurkezpena izan zuten atzo batzarrean, Emagin elkarteko Monika Mendiberri eta Idoia Arraizarekin.

Hasteko, prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten, indarkeria mota ezberdinen inguruan hitz egin zuten eta kontzeptu eta legeak zehazten dutenari buruz aritu ziren. Gero, zerbitzu ezberdinetatik jasotako datuak eman zituzten eta oztopo eta hobetzeko proposamenak bildu zituzten. Bukatzeko, indarkeria egoera biziraun duten emakumeen txanda izan zen, bizitakoaren testigantzak kontatu zituztenak.

Berdintasun programako kideek azaldu dutenez,«lan honek egungo errealitatera gerturatzen lagundu digu, nahiz eta jakin badakigun, datuetan ez dela benetako errealitatea islatzen, indarkeria kasu asko salaketetatik eta zerbitzuetatik kanpo geratzen baitira».

Emakunde elkarteko Idoia Arraiza eta Monika Mendiberri

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun