Leitzako plaza berritzeko lanak bukatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 10a, 10:00

Herri-kirolendako gune bat sortzeaz gain, plazarainoko irisgarritasuna hobetu eta mural bat margotu dute frontisaren atzealdean.

Leitzako udaletxeko teilatuko berritze lanak bukatuta, plazaren moldaketarekin hasi ziren urtarrilean; hormigoizko lurra, kantxa inguruko eserleku eta paretei harria atera eta elkartzea, frontis inguruko sarea berritzea, irisgarritasuna hobetzeko hormigoizko bidexka eraikitzea... Lanek 113.183,52 euroko kostua izan dute, baina Landa Garapenerako Programaren barruan, 50.000 euroko dirulaguntza jaso dute.

Herri-kirolek Leitza ezagun egin dute «erreferente diren bertako kirolariei esker baita berritu berri den plazan ospatu diren ikuskizun nahiz txapelketei esker». Horregatik, herri-kirolen jolasetarako gune bat gehitu dute moldaketetan. Galtzada-harrien eremua murriztuta eta hormigoizkoa zabalduta, pintura bidez lasterka, soka-tira, txingak, harri-jasotzea eta soskor-bilketarako jolas pista bat markatu dute. Gainera, panel informatiboa jarri dute udaletxearen alboko paretan herri kirol modalitate gehienen deskribapen eta ilustrazioekin.

LHL talde inklusiboak proposatu bezala, udaletxetik plazara joateko irisgarritasuna hobetu dute hormigoizko bidexka eraikiz. «Hainbat erabiltzailek eskertu duten» hobekuntza izan da, orain plaza eskuragarri baitago lehen galtzada-harriengatik bertara ailegatu ezin zutenentzat.

Lana borobiltzeko, Unai Ruiz artistak mural ikusgarria margotu du frontisaren atzealdean, 'tranpantoxo' moduan. Aieneko garbilekuaren iturriko eskaileretan zutik jarriz gero, margolanak efektu berezia egiten du, begiradari tranpa egiten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun