Hamar hilabete iraunen dute A-15eko Belabieta tunela zaharberritzeko lanek

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 8a, 10:30

Atzo, astelehenean, hasi zituzten A-15 autobideko Belabieta tunela Europako araudira egokitzeko lanak, eta hamar hilabete iraunen dutela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Tarte horretan, trafikoa bypass batekin kudeatuko dute.

Elduainen (Gipuzkoa) dago A-15 autobideko tunelik luzeena, 1.836 metro ditu eta 1995etik martxan dago. Gipuzkoako Aldundiaren arabera, egunean batez beste 14.000 ibilgailu pasatzen dira. Baina Europako araudiaren arabera, hainbat segurtasun neurri bete behar ditu eta hori horrela, atzo zaharberritzeko lanak hasi zituzten.

15 milioi euroko aurrekontua izanen dute eta lanak hamar hilabetez eginen dituztela aurreikusi dute. Gipuzkoako Aldundiak adierazi duenez, lanekin «mugikortasun seguruagoa, erosoa eta modernoa bermatu» nahi dute. Besteak beste, suteen aurkako babes sistema egokituko dute, eta «instalazioak modernizatu eta estalkia hobetu eta indartuko» dute. Aurreratu dutenez, «tunel barruko gorabeherak detektatzeko sistema instalatuko» dute.

Lanek irauten duten hamar hilabeteetan, trafikoa bypass batekin kudeatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun