Agirre eta Aldaik irabazi dute Plazaz plaza txapelketako lehen partida

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 7a, 19:00

Iera Agirre eta Gentzane Aldai nagusitu dira Ados Pilotaren Plazaz plaza txapelketaren lehenbiziko partidan, hasiera bikaina leitzarrarentzat. Ekainaren 4an jokatu zuten partida 19:30ean Leitzako pilotalekuan.

22-8 irabazi zuten Agirre eta Aldaik Naroa Elizalde zubietarraren eta Eneritz Arrietaren aurka. Leitzako plazan jokatu behar bazuten ere, eguraldiak Amazabal pilotalekuan jokatzera behartu zituen. Hala ere, jende asko hurbildu zen eta giro politarekin gogotsu aritu ziren lau neskak.

Leitzako Aurrera Kirol Elkarteko pilota eskolako nesken partidek eman zioten hasiera jardunaldiari. Lan bikaina egin zuten gaztetxoek eta emakumeen pilotak ere etorkizun ederra izanen duela erakutsi zuten.

Plazaz plaza Txapelketa Etxalekun

Atzo txapelketako bigarren jardunaldia izan zuten Etxalekuko pilotalekuan 19:00etan. Laia Salsamendi eta Ohiana Orbegozok 22-9 irabazi zuten Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra.

Lehenengo bi partiden ondotik, abuztuaren 14a bitartean 11 jardunaldi eta 15 partida gehiago jokatuko dituzte emakumeek, gehienak Euskal Herrian, baina Bartzelonan ere izanen dituzte hainbat partida.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun