«Hiru gai estrategikoren inguruko» batzar irekiak deitu ditu Leitzako Udalak aste honetan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 7a, 10:00

Horietan aurrenekoa gaur, ekainaren 7a, izanen da, Leitzako Udalak autobus zerbitzuaren harira, Nafarroako Gobernuari publikoki eginen dizkion aldarrikapenen berri emateko. Asteazkenean emakumeen kontrako indarkeria izanen dute hizpide eta ostegunean udal energia plana.

«Krisi garaiak aukera garaiak ere badirela» sinetsita eta «beste etorkizun bat elkarrekin marrazteko» asmoz, Leitzako Udalak «hiru gai estrategikoren inguruko batzar irekiak» eginen ditu aste honetan. Gisa honetara, herritarrek ekarpenak bildu nahi ditu udalak eta saioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Gaur, ekainaren 7a, eginen dute aurreneko batzar irekia, 18:00etan Leitzako Herri Aretoan. Autobus zerbitzua izanen dute hizpide, Leitzako Udalaren hitzetan, «autobus zerbitzu publikoa oinarrizko beharra» delako. «Nafarroako Gobernuari Leitzako Udalak bideratu dizkion txostenak eta ekarpenak aintzat hartzeko eta gure zonaldeko garraio publikoaren zerbitzuaren esleipen prozesua emai dezan eskatzen diogu».

Asteazkenean, ekainaren 9an, emakumeen kontrako indarkeriaz hitz egiteko bilduko dira, 17:00etan Herri Aretoan. Ostegunean, ekainaren 10ean, bestalde, udal energia plana eta argindarraren tarifa berriak izanen dituzte hizpide, 17:00etan udaletxeko batzar aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun