GUTUNA: Leitzako mendi ordenantza eta PAC hektarea banaketa herri lurretan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 5a, 08:00

Leitzako mendi ordenantza eta herri lurretan PAC hektarea banaketa hizpide hartuta, iritzi artikulua idatzi dute Jose Javier Sestorainek eta Lurdes Sorronek TTIPI-TTAPAn. «Mendiaren kudeaketak denen beharra duela» nabarmendu dute, baina «lehentasunak beste bat izan behar duela» uste dute. «Egun, gurea bezalako toki zail hauetan, baserritik bizitzea sustatu nahi bada ezinbestekoa da larreen kudeaketan diskriminazio positiboa egitea».

Leitzako Udalak 2020an herri lurretako larreen ziurtagiriak emateko eduki zituen arazoak zirela eta, 2021eko otsailean mendi ordenantza berri bat aurkeztu zuen. Hasierako proposamenak itxaropena piztu zigun baserritik bizi garenoi. PACeko dirulaguntzak kobratu ahal izateko herri lurren hektarea banaketan abeltzaintza ogibide nagusi dugunoi (edo ATPei) lehentasuna emanez, aitortza bat egiten zitzaigulako.

Udalak, hainbat ekarpen jasota gero, azkenean hartu duen erabakiaren ondoren, ordea, gure poza etsipena bilakatu da. Izan ere, ikusirik eskatutako hektarea kopurua dagoen larre-azalera osoa baino handiagoa dela, abiapuntu moduan ziurtagiria eskatu duten  guztiei irizpide bera aplikatzea erabaki baitu, aintzat hartu gabe abeltzainon artean dagoen desoreka soziala. Hau da, jubilatu edo lan bikoitza eduki eta gehiengoa osatzen duen multzoaren neurrira egindako proposamena erabaki da.

Aspaldikoa da enpleguaniztun eta baserritik bizi garenon arteko talka. Lehenengoek, gehiengoa izanik, markatu izan dutelako maiz larre-tokien erabilera nolakoa izanen den. Horrela, egungo araudiaren arabera, baserritik bizi garenok gutxi aprobetxatu ditzakegu. Batetik, gure maneiuak eskatzen digulako urteko sasoi gehienean azienda etxetik gertu edukitzea (jezteko ardiak esaterako) eta bestetik, larratzeko sasoian ahariak eta zezenak inolako mugarik gabe libre ibiltzeak zaildu egiten digulako herri lurretara bidaltzea.

Bestalde, kezkagarria iruditzen zaigu 1.500 eurotik gorako jornalak edo erretiro-saria kobratzen duten hainbat abeltzain izatea PACerako ha gehien jasotzen ari direnak. Honekin lortzen den bakarra enplegu-aniztasuna sustatzea delako. Non gelditzen da hainbat gizarte eragiletatik aldarrikatzen den lanaren banaketa? 

Auzolanari buruz, egin den planteamendua gehiegizkoa da. Honetatik bizi garenak egunean 10-12 ordu sartuz gabiltza aurrera ateratzeko, jai eta aste, sarri. Egin den auzolan-egun proposamenak lan gehiago bizkarreratu digu. Non da gure deskantsurako eskubidea?

Mendiaren kudeaketak denen beharra du. Baina lehentasunak beste bat izan behar du. Egun, gurea bezalako toki zail hauetan, baserritik bizitzea sustatu nahi bada ezinbestekoa da larreen kudeaketan diskriminazio positiboa egitea, bai maneiuari dagokionean, bai PACa kobratzeko hektarea banaketan, baita auzolanaren gaia antolatzerakoan ere.

Momentuko irtenbidea bilatzetik etorkizuna modu estrategikoan lantzera pasa behar dela uste dugu, helburuak ahalik eta jende gehienak baserritik bizitzeko aukera bermatuta edukitzea izan beharko lukeelarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun