Leitzan kontsumitzeko bono-txartelak jarriko dituzte salgai hurrengo astean

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 3a, 17:00

Kaxkabeltza Leitzako denda txikien elkarteak ekainaren 7tik 14ra hainbat dendetan bono-txartelak erosteko aukera emanen die leitzarrei. 20 euroren truke, 10 euroko 3 txartel eskuratuko dituzte erosleek.

Aurten 1.710 txartel jarriko dituzte salgai guztira, eta kontsumitzaile bakoitzak hiru bonoz osatutako bost sorta erosi ahalko ditu gehienez. Bonoak erabiltzeko epea ekainaren 14ean hasiko da eta uztailaren 14ra arte iraunen du. Hainbat dendetan jarriko dituzte eskuragarri; Astitzen, Bi pauson, Garbi drogerian, Gaztetxon, Hernandorenan eta Leitza Kirolaken.

Leitzako Udalarekin antolatu du ekimena Kaxkabeltza elkarteak. Udalak ordainduko ditu 30 euroak osatzeko falta diren 10 euroak, aurten elkarteari egindako 6.000 euroko ekarpenarekin.

Honekin, 17.000 euro baino gehiagoko mugimendua sortuko du ekimenak herriko negozioen artean, iaz baino 200 euro gehiago. Tokian tokiko komertzioen kontsumoa sustatzea dute helburu. Gainera, udalak elkartearen esfortzua balorean jarri nahi izan du eta herriko komertzioak elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu eta eskertu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun