Patinaje ikastaroa izango dute hiru larunbatez Areson

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 1a, 07:00

Asteburu honetan izanen da lehenengoa, 11:30etik 12:30era eta haurrek eta helduek parte har dezakete.

Kirolmank Araitz, Areso, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitateak patinaje ikastaroak antolatu ditu Areson. Hiru larunbatez izanen dira saioak eta haurrek eta helduek parte hartzeko aukera izango dute, bakoitzaren maila edozein dela ere.

Aurreneko jardunaldia larunbat honetan, ekainaren 5ean, egingo dute, 11:30etik 12:30era. Izena emateko azken eguna osteguna, ekainaren 3a, izango da, 14:00 baino lehen.

Bigarren saioa ekainaren 12an, larunbatean, egingo dute, hau ere ordu berean, 11:30etik 12:30era. Egun horretan ikastarora hurbildu nahi dutenek ekainaren 10eko 14:00 baino lehen apuntatu beharko dute.

Ekainaren 19rako hitzartu dute hirugarren patinaje jardunaldia eta hau ere, ordu berean egingo dute. Kasu honetan, ekainaren 17a izanen da apuntatzeko azken eguna, 14:00 baino lehen.

Saioak aurrera ateratzeko gutxienez zortzi lagun bildu beharko direla adierazi dute kirol mankomunitatetik eta interesatuek kirolmankomunitatea@gmail.com helbidera idatzita eskatu beharko dute inskripzio-orria. Saio bakoitza ordaindu beharko da, haurren kasuan, 6,5 euro eta helduen kasuan, hamar euro.

Bestalde, uztailaren 10etik abuztuaren 4ra udalekuak eskaintzeko asmoa dutela ere jakinarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun