Bideak dokumentala aurkeztuko dute Goizuetan igandean

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 27a, 13:00

Plan bikoitza daukate goizuetarrek iganderako; goizean mendi irteera eginen dute eta arratsaldean dokumentalaren proiekzioa izanen dute.

Udaletxeko Ganbaran izanen da dokumentalaren aurkezpena, maiatzaren 30ean 18:00etan. Txartelak eskuragarri daude dagoeneko Goizuetako estankoan eta arropa-dendan.

Dokumentalaren sinopsia

Aritz Ganboa de Miguel dut izena. Nafarroako bi herrietan,  Arruazu Sakanan (Aitaren partetik) eta Izaba Erronkarin (Amaren partetik)  jatorria duen Arruazuko artzain bat naiz. Natura eta landa eremua izan dira beti nire pasio nagusiak eta pasio hauek nire ogibide eta bizimodu bihurtu dira artzaintzaren bidez. Lan hau ederki uztartzen da nire afizioetariko batekin: Mendi lasterketak. Artzaintzak mendiari zein naturari lotzen nau, horrela egiten dute bat nire bi pasioek, kirola eta natura!

Mendi-irteera goizean

Mendizaleentzat ere plan aproposa antolatu du iganderako Arainburu Mendi Taldeak. 09:30ean herriko plazatik abiatuta, Alkainzuriainerako ibilbidea eginen dute. 8,72 kilometro eta 2,5-3 orduko itzulia izanen da. Parte hartzeko, 677 632 395 WhatsAppa eskuragarri jarri dute, eta estankoan ere izena eman daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun