Iera Agirre leitzarrak irabazi du Nafarroa Oinez lau eta erdiko pilota txapelketako finaleko jaialdian

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 25a, 18:00
Iera Agirre, Olatz Ruiz de Larramendi, Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendi larunbatean Lizarra pilotalekuan.

Olatz Ruiz de Larramendirekin bikote eginez, 22-17 irabazi zieten Lizarran Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiri

Pilota arratsalde polita izan zen joan den larunbatean Lizarrako Udal Pilotalekuan, Lizarraldean Oinez lau eta erdiko pilota txapelketako finalak zirela eta. Ehun pertsona inguruk gozatu zuten hiru partidez. Lizarra Udal Pilotalekuaren 55 urteetan lehen aldiz, emakumezkoen eskuz binakako partida jokatu zen. Iera Agirre eta Olatz Ruiz de Larramendik 22-17 irabazi zieten Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiri.

Bigarren mailako finalean Iñigo Aranak 22 -11 irabazi zion Agorretari.

Lehen mailan, Fernando Azanzak 22-9 irabazi zion Iñigo Etxabarriri.

Sari banaketan, Unai Gardoki, Lizarra Ikastolako lehendakariak eta Inma Aranak ikastetxeko irakasle ohiak bigarren mailako txapeldunari eta txapeldunordeari sariak eman zizkieten. Marta Igoak, Nafarroako Ikastolen Federazioko kideak eta Pello Etxanizek, Lizarra Ikastolako irakasleak gauza bera egin zuten lehen mailako finala jokatu zuten pilotariekin. Aldi berean, bi finaletako txapeldunak neskei sariak emateaz arduratu ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun