Angel Salaberria Eskudero

«Lanean izan diren aldaketak onerako izan dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 30a, 10:00

Angel Salaberriak apirilaren 30ean hartu zuen erretiroa, 60 urte bete zituen egunean.

40 urtez herriko aguazila izan denak 60 urterekin erretiroa hartu du. Ibilbide berrian, egunerokoa antolatu beharko duela dio, baina hainbeste maite duen pilotaren bueltan ere segitu nahi du.

G. Pikabea | Goizueta

Goizuetan sortu, bizi eta lan egiteko «zortea» du Angel Salaberria Eskuderok (Goizueta, 1961). 40 urtez herriko aguazila izan da eta joan den apirilaren 30ean, 60 urte bete zituen egunean, hartu zuen erretiroa. Laneko eta herriko kontuez, eta nola ez, pilotaz aritu da Ttipi-Ttaparekin.

Aitaren bideari segituz, mendiko lana utzi eta 18-19 urterekin izendatu zuten aguazil: «ikasteko gogo eta abilidade gutxi nuen, eta Goizuetako eskolakoa bukatuta, Leitzan ibili nintzen bi urtez. Udako oporretan mendiko mantentze- lanetan aritu nintzen, eta gero diputazioarentzat pinuak markatzen. Baina ez zen lan finkoa». Horretan ari zela sortu zitzaion aukera: «herriko aguazila zena gaixotu zen eta udalak lanpostua hartzeko deialdia egin zuen». Bi baino ez ziren aurkeztu, «ni eta nire anaia» eta 1980an berak hartu zuen kargua. Hurrengo urtean soldaduskara joan zenean, «nire ordez Lazaro anaia aritu zen». Batek zein besteak ez zuten arrotza: «gure aita zena aguazila izan zen».

Aldaketak lanean

Geroztik lau hamarkada pasatu ditu «kalean garbitzen, udaleko notifikazioak banatzen, herriko argiteria aldatzen, hodiak moldatzen, iturriak kontrolatzen, uraren depositua gainbegiratzen, udaletxean zerbait hondatzen bazen konpontzen...». Bereziki «mantentze-lanak» egitea tokatu zaio, eta urte askotan baita zaborrak biltzea ere: «Mendialdea Mankomunitatea sortu aurretik Aranon eta Goizuetan sortutako zaborra kamioi batean bildu eta udalak eta Heineken fabrikak Artikutzako bidean egin zuten zabortegira garraiatu eta makinarekin ahal den bezala tapatzen genuen».

Ez da urteotan sumatu duen aldaketa bakarra: «lehenago dena eskuz egiten genuen. Gerora, udalak makina bat erosi zuen eta handiena makinarekin egiten hasi ginen. Aldaketak hoberako izan dira».

Berak dioen bezala, «denetarik pixka bat egiten», «kontent» ibili da, eta «herrian lan egitearen alde ona» azpimarratu nahi izan du: «inora mugitu beharrik izan gabe, etxetik bertan lan egiteko aukera izatea ederra da, erosoa». Baina txanponaren beste aldean, «denen gustua egitea zaila dela» azaldu du: «ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz, baina denen gustua ez dut egin izanen». Tarte horretan, buruhausterik ere izan du Salaberriak, «gehienak herriko festetan»: «goizaldean kaleak garbitu eta entzierroko barrerak itxi behar izaten dira eta jendea gaupasaz dagoenean pazientzia hartu behar da. Azkenerako ohitzen da».

Gazteen aukera falta

Herriko beste kontuez ere mintzatu da aguazil ohia. Besteak beste, «40 urteotan herria asko aldatu» dela: «Obra asko egin dira, kaleak berritu dira... eta udalak beste proiektu batzuk ere baditu, ospitale zaharreko proiektua, adibidez». Eta horien harira, halako proiektuen «beharra» nabarmendu du.

Azken urteotan, biztanleria asko jaitsi da Goizuetan eta hori «jende gazteak hemen gelditzeko aukerarik ez» izatearen ondorio delakoan dago: «gazteek ez dute lanerako aukerarik eta Gipuzkoa aldera mugitu behar dute. Leitzako paper- fabrikan ere gero eta aukera gutxiago dute. Etxebizitzarik ere ez dago, eta kanpoan lan egin eta bertan bizi den jende asko badago ere, gero eta gutxiago dira. Asko lana duten herrira joaten dira bizitzera».

Pilota bihotzean

Lanetik kanpo pilotak hartu du Salaberriaren egunerokoaren zati handi bat. Gaztea zela afizionatuen mailan ibili zen, eta hara non, orduan irabazi zuen Goizuetak lehenbiziko herriarteko txapelketa: «1980an izan zen. Berako taldearen kontra 2-1 irabazi genuen».

Garaitsu horretan hasi zen Umore Ona Pilota Eskolan irakasle: «aurreko arduradunek utzi eta Juan Antonio Lekuona elkarteko orduko lehendakariak hasi nahi nuen galdetu zidan». Baiezkoa esan, eta hasi bazen hasi «35-40 urte pasatu ditut». Oraindik ere segitzen du: «lehen astean bi aldiz aritzen nintzen eta orain behin, ostegunetan».

«Lehen pilota besterik ez zen eta orain kirol gehiago»

Angel SALABERRIA ESKUDERO, Goizuetako aguazil ohia

Gainera, izen handiko pilotarien gidari izan da: «Asier eta Aimar Olaizola, Jon Apezetxea, Iñaki Lujanbio, Loiarte, Jose Julian Salaberria...» baita Iker bere semea ere. «Herri ttikia izateko pilotari profesional asko» direla dio, baina  «sekreturik ez dagoela» argitu du. «Gogoa eta afizioa izatea eta orduak sartzea, hori da kontua». Horretan ere nabaritu du aldea: «lehen pilota besterik ez zen izaten; orain, ordea, hainbat kirol praktikatzeko aukera dago eta hori da ezberdintasuna». Dena den, herrian pilotak segida izan dezakeelakoan dago: «Gaur egun Umore Ona Pilota Eskolan etorkizun handia izan dezaketen haurrak badirela uste dut».

Herriko pilota eskolan ez ezik, Doneztebeko Erreka eskolan ere badabil: «Goizuetan pilotan jokatzeko semearen edadekorik ez zegoela ikusita, hobetzeko, 8-9 urterekin Doneztebera eramatea erabaki genuen». Semeak 2019an profesionaletara salto egin zuen, baina berak hor segitu du «idazkari lanetan, paper kontuekin, txapelketako egutegiak egiten...».

Pilotaren alde guztiak probatutakoa da Salaberria, eta profesionalen artean epaile lanetan ibili zen. «Aukera sortu eta titulua atera nuen». Kontatu digunez, hasi zen garaian, «pilota federazioak deitzen zigun, baina Pilota Enpresen Liga sortu zutenean, herrialde bakoitzetik lauzpabost epaile aukeratu gintuzten. Gero, profesionalen arteko txapelketa ofizialetan 55 urtetik gorako epailerik ez izatea arautu zuten eta horrela utzi nuen. Orain enpresek beraien epaileak izendatzen dituzte».

«Esperientzia polita» izan zela dio, baina «momentu onak eta txarrak izan ziren». Ezagunak egin ziren Juan Martinez de Irujorekin izandako tirabirak: «Aimar ere goizuetarra delako edo ez dakit zergatik, beti bere aurkako erabakiak hartzen nituela esaten zidan». Gaineratu duenez, «ongi ateratzen zenean etxera gustura joaten nintzen, baina hanka-sartzeak denok egiten ditugu eta eginen ditugu, eta denen ahotan egote hori ez da polita. Baina horiek ere pasatu behar dira eta pasatu dira».

Ibilbide berria

Pilota izan du afizio nagusi eta horren bueltan ibili da betitik, beste zaletasun handirik gabe: «ez naiz mendizalea, ez naiz onddo-biltzailea, ez naiz ehiztaria, ez naiz arrantzalea... beti frontoian ibili naiz, hasieran nire aldetik eta gero semearekin». Erretiroa hartuta ere, ez du baztertu nahi hainbeste maite duen mundu hori. Horregatik, herriko eta Doneztebeko pilota eskoletan segitzeko asmotan da eta horrez gain, «semearekin entrenamenduetara joaten jarraituko dut». Hortik aparte, «egunerokoa antolatu» beharko duela aitortu du, «kirol pixka bat egiten hasi beharko dut; oinez edo bizikletarekin...».

Aukera eskerrak emateko ere aprobetxatu nahi izan du Salaberriak; alde batetik, udalari «hainbeste urtetan nirekin ongi portatu direlako eta erretiroa hartu nuen egunean detaile polita egin zidatelako». Udalak grabatutako ordulari bat oparitu zion. Areago, «zerbaitez behartzen badira, laguntzeko hemen nagoela» argi utzi du. Bestetik, «herria» ere gogoan izan du eta herritarrei ere «eskerrik asko» esan nahi izan die. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun