Emakume pilotari profesionalen lehenengo kluba aurkeztu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 25a, 13:00

Leitzako plazan egin zuten Ados pilota klubaren aurkezpena maiatzaren 24an. Argazkia: Javier Bergasa / Diario de Noticias

Ados klubak Plazaz Plaza txapelketa antolatu du eta Euskal Herrian eta Katalunian jokatu ondotik Leitzan izanen dute finala abuztuaren 14an

Emakumezko eskuzko pilotariek lehen klub profesionala sortu dute: Ados Pilota. Inoiz ez zen halakorik izan, baina beharra ikusi dute: txapelketa gehiago jokatu nahi dituzte, lan baldintzak hobetu, eta, guztiaren gainetik, euren buruaren jabe izan nahi dute, inoren menpe egon behar izan gabe. Eta, klubaren izenak dioen bezala, ados jarri dira euren asmoak eta nahiak gauzatzeko. Maiatzaren 24an, astelehen arratsaldean egin zuten Leitzako plazan.

Plazaz Plaza txapelketa: hasi eta buka Leitzan, Euskal Herri osotik eta Kataluniatik pasatuta

Ados klubak dagoeneko prest du lehen txapelketa ere: Plazaz Plaza izena du, eta binaka jokatuko dute. Ekainaren 4an hasiko da Leitzan eta toki berean bukatuko da, abuztuaren 14an. Euskal Herrian jokatuko da ia osorik, baina Katalunian ere ariko dira pilotariak, Bartzelonan. Hamahiru jardunaldi jokatuko dituzte, hamazazpi partida guztira.

13 pilotari profesional

Xehetasun guztiak aurkeztu zituzten maiatzaren 24an Leitzan. Han izan ziren klubeko pilotariak. Batetik, klubeko hamahiru pilotari profesionalak: Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre leitzarra, Naroa Elizalde zubietarra, Irantzu Etxebeste beratarra, Amaia Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi, Eneritz Arrieta, Oihana Orbegozo, Naroa Agirre, Ainhoa Ruiz de Infante, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai. Egungo pilotaririk onenak dira, azken urteetan txapelketa nagusietan nabarmendu direnak. Baina klubak pilotari gazteak ere trebatuko ditu. Hain zuzen ere, formazio arloko hiru pilotari ariko dira profesionalekin estreinako txapelketan: Laia Salsamendi, Ane Mendiburu eta Uxue Oses. Haiek ere aurkezpenean izan ziren.

Pilotari profesional ohiak prestatzaile eta entrenatzaile

Aipatzekoa da Aritz Altadill palista profesional ohia izanen dutela prestatzaile fisikoa eta esku pilotan profesional handiak izandako Juan Martinez de Irujo, Fernando Goñi, Patxi Eugi eta Peio Martinez de Irujo entrenatzaile.

Ados Pilota klubak elkarlanean aritu nahi du 2019ko ekainean sortutako Emakume Pilotari Elkartearekin. Emakume Master Cup txapelketak eman dien «ikusgarritasuna» onartu dute, «baina urrunago joan nahi dugu eta denak bateragarriak gara», adierazi zuten Leitzako aurkezpenean.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun