Haizea Belaunzaran Astibia

«Futbolak bizitzan behar diren errespetua eta baloreak erakutsi dizkit»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 29a, 09:00

Belaunzaranek 16 urte ditu eta duela bost urte hasi zen futbolean. Argazkia: Mikel Irigoien

Duela bost urte hasi zen futbolean, baina hainbeste gustatuta, Belaunzaranentzat «pasio» bihurtu da futbola. Gaur egun, Oiartzungo Kirol Elkarteko 1. maila nazionaleko atezaina da.

G. Pikabea | Leitza

Maite  du botak eta eskularruak soinean futbol-zelaira ateratzea; area barrenean alde batera eta bestera ibiltzea eta gora eta behera salto egitea baloia sarera sar ez dadin. Halaxe sentitzen da gustura Haizea Belaunzaran Astibia (Leitza, 2004). Duela bost urte hasi zen futbolean, baina nahikoak izan dira «futbola pasio bihurtzeko» eta «egunez egun goraka egin eta ahalik eta urrutien» ailegatu nahi duela amesteko. Leitzako Aurreran eta Barañaingo Lagunak taldeetan ibili ondotik, gaur egun, Oiartzun Kirol Elkarteko 1. maila nazionaleko taldean atezaina da.

Hasiera Aurrerako areto futbolean

Hamaika urterekin aukeratu zuen futbola eta areto futbolean, etxeko taldean, Aurreran egin zituen lehenbiziko geldiketak. Bere aita Aurrera futbol taldeko atezaina izan zen denbora luzez, eta «aitaren pausoei segituz atepean hasi nintzen».

«Ahalik eta urrutien ailegatu nahi nuke»

Haizea BELAUNZARAN ASTIBIA, Leitzako futbolaria

Probatu eta gustatu egin zitzaion eta segida ematea erabaki zuen: «Denboraldia bukatu nuenean oso garbi neukan belarretan jokatu nahi nuela eta herritik hurbil aukerarik ez zegoenez, Barañaingo Lagunak taldera joan nintzen». Aitortu digunez, «aldaketa zaila izan zen niretzat», baina ez da damutu: «hartu dudan erabakirik onena izan zela esan dezaket».

Hiru urte egin zituen Barañaingo taldean, eta askorako eman zioten: «Hiru urte horietan, izan nituen taldekideei eta entrenatzaileei esker, pertsona zein futbolari bezala hazi egin nintzen». Hortik sortu zitzaion Osasunarekin jokatzeko aukera: «Bigarren urtean, Osasuna taldeak espero ez nuen dei bat egin zidan eta nire bizitzako esperientziarik onenak bizitzeko aukera izan nuen». Horren adibide, «Gothia Cup Suitzako futbol txapelketara egin genuen bidaia edo Donostia Cup irabazi izana» aipatu ditu. Hango egonaldiaren ondotik, Oiartzun Kirol Taldera egin zuen salto eta «aurtengoa bigarren urtea dut Oiartzunen». 

Batean zein bestean, gustura dabil Leitzako gaztea. «Talde eta taldekide guztiek eman didate zerbait». Ez hori bakarrik: «Uneoro sentitu eta izan dudan laguntza, babesa eta momentu onak» azpimarratu ditu eta gehiago ere eman dio futbolak: «Futbolak bizitza honetan beharrezkoak diren baloreak eta errespetua erakutsi dizkit».

Barañaindik Oiartzunera

Barañaingo hiru urteko egonaldiaren ondotik, talde gipuzkoarrarekin hasi zuen ibilbidea: «Lagunak-en egin nuen azken urtean, kirolez kanpoko arazoengatik talderik gabe gelditu ginen. Talde bila hasi nintzen eta Oiartzungo aukera atera zitzaidan». Onartu digunez, «klubak izugarrizko arreta eman dit eta oso gustura nago». Areago, «oso esperientzia polita izaten ari da, kirol arloan hezten ari naiz eta lagun berriak egin ditut».

«Uneoro laguntza eta babesa sentitu ditut» 

Haizea BELAUNZARAN ASTIBIA, Leitzako futbolaria

Oiartzungo taldeak «betitik  emakumeen futbola zaindu eta landu duela» nabarmendu du Belaunzaranek eta oroitarazi duenez, «orain dela gutxi arte lehenbiziko mailako taldea izan zen». Gaur egun, berriz, «talde polita» dutela eta «giroa eta elkarren artean dugun harremana paregabeak direla» dio: «kirol arloan talde konpletoa daukagu». Hori bai, aurtengoa «denboraldi zaila» izaten ari dela ere onartu du eta hala, «orain daukagun helburu nagusia maila mantentzea da». 

Emakumeak eta futbola

Emakumeen futbola ere mintzagai izan du atezain gazteak eta bere hitzetan, «urte hauetan aurrerapauso handiak» eman dituzte: «Horren isla da futbolean geroz eta neska gehiago aritzea». Baina ez da aski lortu: «oraindik lan asko falta da».

«Oiartzungo taldean kirol mailan hezten ari naiz»

Haizea BELAUNZARAN ASTIBIA, Leitzako futbolaria

Bestalde, «gustukoen duzuna eginez bizi ahal izatea polita» izanen litzatekeela aipatu du. «Azken finean, futbolak beste edozein lanek bezala, konpromisoa eta denbora eskatzen du, eta zer esanik ez profesionalen mailan. Horregatik pentsatzen dut jokalari guztiek horretatik bizi ahal izateko soldata izan beharko luketela». Hala ere argi utzi nahi izan du, «horrekin ez dudala esan nahi mutilen kasuan bezala diruaren gehiegikeria horiek ondo daudenik. Futboletik bizitzeko aukera izateaz ari naiz». 

Medikua izan nahi duen futbolaria

Asteko egutegia ongi betea izaten du Leitzako atezain gazteak. Kontatu digunez, «astean hiru egunez, arratsaldetan, entrenamenduak izaten ditut. Horietako bat atezainei bakarrik zuzendutakoa izaten da». Hortik aparte, «asteburuetan partidak» izaten ditu eta hori guztia ikasketekin uztartu behar izaten du.

«Ahalik eta urrutien ailegatu nahiko nuke»

Haizea BELAUNZARAN ASTIBIA, Leitzako futbolaria

Leitzako Amazabal institutuan Batxilerra ikasten dihardu Belaunzaranek eta aitortu digunez, «ez da erraza futbola eta ikasketak uztartzea».  «Askotan denbora falta» izaten duela eta «ezin ailegatuz ibiltzen» dela gaineratu du. Hori horrela, «ordutegiak ongi antolatu behar izaten ditut ikasketak eta futbola aurrera atera ahal izateko». Bateko eta besteko, asti libre handirik ez du Belaunzaranek, baina duena «familiarekin eta lagunekin ahalik eta denbora gehien pasatzeko» aprobetxatzen du.

Gainerakoan, gustuko tokian maldarik ez dagoela dio esaera zaharrak eta Belaunzaran ere ez dago hainbeste maite duen hori alde batera uzteko. Alde batetik, ikasketak ez ditu bazterrean utzi nahi eta mediku izan nahi duela esan digu: «Batxilerra bukatutakoan unibertsitatera joateko asmoa dut, eta medikuntza ikastea gustatuko litzaidake». Eta bestetik, futbolean segitu nahi du. Dioenez, «gaztea izanik helburu zehatzik ez diot jarri nahi neure buruari baina, egunez egun gora egin eta ahalik eta urrutien ailegatu nahi nuke». 

LABUR-LABUR

  • Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? Erronka berriak gustuko dituen 16 urteko neska kirolaria.
  • Zein afizio dituzu? Futbola da nire pasioa. Hala ere, orokorrean kirola gustuko dut.
  • Leitzako tokirik gustukoena? Mendiko edozein txoko.
  • Gustura bisitatuko zenukeen toki bat? Australia.
  • Liburu bat? El Perfume.
  • Hondartza ala mendia? Biak oso gustuko ditut.
  • Musika talde bat? Berri Txarrak.
  • Abesti bat? Su ta gar taldearen Erresistentziara kondenatuak kanta.
  • Sare sozial bat? Instagram.
  • Jaki gustukoena? Paella.
  • Bestarako toki bat? Leitzako pestak.
  • Futbola ez den beste kirol bat? Mendira joatea, eskiatzea, korrika egitea, eskalatzea...
  • Futbol talde bat? Ttiki-ttikitatik Realekoa naiz.
  • Eredutzat duzun atezain bat? Sandra Paños, Barçako atezaina.
  • Non jokatuko zenuke gustura? Ttikitatik Realekoa izanik Realean jokatuko  nuke. Baina nire ametsetako taldeak Manchester City eta Barça dira. 
  • Baduzu maniarik partida bat jokatu aurretik? Partida edo entrenamenduen aurretik ezkerreko eskularrua janzten dut aurrena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun