'Bertsoaren harria' liburuaren aurkezpena eta bertso saioa Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 25a, 09:00

Leitzako Kultur Aroak aurrera segitzen du eta bertsozaleen txanda izanen da larunbatean, maiatzaren 29an, 18:00etan Herri Aretoan.

Koldo Izagirreren Bertsoaren harria liburuaren aurkezpena izanen dute lehenbiziko. Ondotik, bertso saioa Alaia Martin eta Joanes Illarregiren eskutik. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Astiz eta Maimurren borondatearen truke.

Liburuaren sinopsia

Asteasun Pello Errota, Leitzan Lasarte, Hernanin Txirrita, Oiartzunen Uztapide, Ahetzen Mattin, Bilbon Balendin Enbeita... Hogeita bat bertsolari dauzkagu Euskal Herrian zehar utziak, mutu. Koldo Izagirrek eskea egin die eta harriok, brontzeok, burdinok hizketan jarri zaizkio: hogeita bat monologo harro, gozo, haserre, apar. Ahots anitzez, hari finez jositako narrazio zoragarria dugu Bertsoaren Harria. Bertsolaritzaren historia puska bat irudiz, bertsoz, gogoetez, istorioz eta fikzioz. Ikuspuntu berria, liburu bakana, edizio berezia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun