Mikel Zabaleta Aramendia

«Mimukai agintaldi honetan martxan jarri nahi genuke»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 22a, 12:00
Mikel Zabaleta Leitzako alkatea

Mimukairen parte-hartze prozesua bukatuta, bildutako ekarpenekin txosten bat prestatuko dute orain. «Balorazioa oso positiboa da». Hitz horiekin laburbildu du Mikel Zabaleta Leitzako alkateak Mimukai proiektuaren barrenean egin dute parte-hartze prozesua. 

Pozik agertu da zortzi saioko prozesuak egin duen ibilbidearekin eta «parte-hartzearen eta ekarpenen aldetik» izandako erantzuna nabarmendu du: «eskualde osora zabaldu den, sektore guztiak inplikatu dituen eta herritar asko bildu dituen parte-hartze prozesua izan da». Azaldu duenez, «zortzi saioak kontuan hartuta, 220 parte-hartzailetik gora izan dira, eta gauden egoera zein den ikusita oso positibotzat» jo du. Parte-hartze kopuruaz haratago, «jaso ditugun ekarpen interesgarriak» azpimarratu ditu alkateak: «proiektua bera zehazteko asko lagundu digute».

Joan den maiatzaren 6an egin zuten parte-hartze prozesuko azken saioa eta «aurrez aurre 55 lagun eta streaming bidez 15 lagun» bildu zirela dio alkateak: «oso saio polita izan zen» eta «sentsazio onak» izan zituela aitortu du. Nafarroako Gobernuko ordezkaritzak ere parte hartu zuen: «Mikel Irujo garapen ekonomikoko kontseilaria eta Izaskun Goñi zuzendari orokorra bertan izan ziren eta proiektu eredugarria iruditu zitzaiela, asko gustatu zitzaiela eta hurbiletik jarraituko dutela esan zuten». Alkateak argi utzi du «oraindik ez dagoela deus itxia, baina gobernuko ordezkariek proiektu aurrera eramateko lanean segituko dugula esan zuten». 

Parte-hartze prozesuko saio bat.

Lan teknikoa

Parte-hartzeko prozesua bukatuta, orain «atera dituzten ondorio guztiekin txosten bat prestatuko dute eta hori izanen da teknikoek proiektua garatzeko oinarri gisa erabiliko dutena». Epeei buruz ere mintzatu da Zabaleta, eta «lan teknikoa ekainetik irailera bitartean» egitea aurreikusi omen dute. Hori eginda, «behin-betiko dokumentua urrian» esku artean izatea espero dute. Hurrengo urtean, berriz, «lortzen ditugun dirulaguntzen arabera, exekuzioarekin hasiko ginateke».Bide horretan, «lokal egokia» bilatu beharko dute. Bateko eta besteko, «agintaldi honetan Mimukai martxan jarri nahiko genukeela» adierazi du.

Bide batez, «parte hartu duten guztiei eskerrak» eman nahi izan dizkie: «proiektu komunitarioa izateko jendearen parte-hartzea ezinbestekoa da eta ea horrela segitzen dugun». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun