Plazaolako geltoki zaharra eta inguruko eremua Leitzako Udalari utzi dio Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 17a, 18:00

Nafarroako Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak Plazaolako geltoki zaharreko partzelaren erabilera 99 urterako lagatzea onartu du. Bertako eraikin eta biltegia ere Leitzako Udalaren eskuetan geldituko dira.

2019ko ekainean egin zuen eskaera Leitzako Udalak, eta Gobernuko hainbat departamenturekin eta Plazaola Partzuergo Turistikoarekin harremanetan ibili ondoren, eskaera onartu du Nafarroako Gobernuak. Helburuak «bide berdearen potentziala eta geltoki zaharraren ingurune pribilegiatua aprobetxatzea» dira.

Lagapen-ebazpenaren arabera, 2016an Gobernuak proposatutako enpresa planean ezarritako helburuetara bideratu beharko du kudeaketa Udalak. Planaren barruan, eraikin nagusia kafetegi, saltoki eta aterpetxe batean bihurtu nahi da eta biltegi zaharra bizikletak alokatzeko gune, komun publiko eta erabilera anitzeko gela batean. 9 urteko epea dauka Udalak erabilera horiek martxan jartzeko beharrezko inbertsioa egiteko; eraikinen barrualdeak, instalazioak, ekipamenduak eta kanpoko lurzatia egokitzeko. 800.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusi dute.

Historiaz beteriko trenbidea

1914ko urtarrilaren 19an inauguratu zen Plazaolako bidaiarien trena; antzinako meatze-trena merkantzia eta bidaiariendako tren bihurtu zuten, Iruñea eta Donostia lotuko zituena. Bidearen egiturak eta inguruko meteorologiak mantenua asko zailtzen zuten, eta 1953ko uholdeek trenbidearen trazadura erabilerarik gabe utzi zuten.

80. hamarkadan martxan jarri zituzten ibilbidea berreskuratzeko azterlanak eta 1998an inauguratu zen Lekunberriko geltokian Bisitarien Zentroa. Orduan ere Gobernuak Lekunberriko Udalari utzi zion partzela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun