Migel Sagastibeltza

«Hura miseria... Gorriak pasatu nituen»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 15a, 10:00

Migel Sagastibeltza Villabonari (Leitza, 1942) duela hamaika urte erre zitzaion sortetxea, Musun baserria. «Egun lasaia» izana zen eta halaxe zegoen lotan 2010eko otsailaren 28ko gau hartan ere, «04:00-04:30 aldera oiloen garrasiek esnatu» zuten arte. Hortik aurrerako «desastrea» ez dio inori desio. 

Aurrenean, «oiloak erotu» zirela pentsatu zuen, baina «argia joana zela» ohartu zenean zerbait gehiago izan zitekeela pentsatu zuen: «goratu nintzen eta sarreran azpitik dena gorri- gorri ikusi nuen». Segidan deitu zuen larrialdietara, eta «05:00etarako foralak hemen nituen». Bere aldetik, soinean ia deus ez zuela eta, arropak atera nahi izan zituen, eta poliziarengandik «eskapatu» ere egin omen zen zerbait hartzeko, «baina kanpora atera ninduten eta soinean nituen galtzekin eta bilatu nuen alkandorarekin gelditu behar izan nuen». Polizien ondotik, suhiltzaileak ailegatu ziren, baina «kamioi handi samarrarekin etorri ziren eta pista estua zenez, kamioia ia errekara joana gelditu zen. 400 metrotik bota zuten ura, baina ordurako sua indartua zen eta sua izan zen jabe». 

«Deus gabe»

Azkenean «dena erre» zela dio Sagastibeltzak: «ukuilua, bizitza eta ganbara. Perituak paretak ere deusetarako ez zirela esan zuen». Kolpe handia hartu zuen, «asko» galdu baitzuen «jaio, hazi eta bizi nintzen 300 urteko etxea» erreta. «Deus gabe» gelditu zen: «ez zen ez traktore, ez sega-makina ez deus gelditu, traste guztiak kiskali ziren». Ez hori bakarrik: «ardiak nolabait atera nituen, baina oiloak eta txekorra bertan erre ziren. Hura miseria... Norberari gertatu arte ez daki inork zer den hori».

Lasaitasunetik gutxi izan zuen egunari osasun zentroan eman zion segida: «kea arnasteagatik obserbazioan eduki ninduten. Tentsioa eta dena altxatuak nituen, dena hankaz gora». Aukera eman zioten orduko sortetxera itzuli zen, eta «foralen galderei» erantzun behar izan zien: «norbaiten errezelorik banuen galdetu zidaten, eta nik ezetz erantzun nien». Azkenean «ukuiluan kable bat errea bilatu zuten» eta suaren abiapuntua huraxe izan zela ondorioztatu zuten. 

Buruhausteak

Sagastibeltzaren arabera, sua ez zen egun bateko kontua izan, «egunetan egon zen». Eta egun haiek ez ezik, ondoko hilabeteak ere «ikaragarri luzeak eta gogorrak» egin zitzaizkion: «18 hilabete egin nituen herrian, baina egunero etortzen nintzen. Baserrira etortzen nintzenerako karabana jarri zidaten, eta negu bizian hotz ederra pasatu nuen». Hala ere, are okerragoa egin zitzaion baserriarekin zer gertatuko zen ez jakitea: «paperekin burutik gora bukatu nuen. Perituarekin eta aseguru-etxekoarekin astero biltzen ginen» eta dioenez, buruhauste franko izan zituen: «ez zen erraza izan aseguru-etxea nola portatuko zen eta etxea nola eginen zen jakin gabe egotea. Esatea erraza da baina18 hilabete horietan ez nuen ia lorik egin, eta gorriak pasatu nituen». Atseden hartu zuen «aseguruak bere gain hartuko zuela esan zidatenean».

Babesa eta elkartasuna

Estualdi horretan, ordea, ez zen bakarrik sentitu, bidelagunak izan zituen. Alde batetik, «paper kontuetan koinatak emandako laguntza» nabarmendu du: «Beharrik koinatak asko lagundu zidan, baita eta Gabriel Saralegik ere. Gainerakoan, gu bezalakoa holako kontuetan motz gelditzen da». 

Bestetik, etxea ere eskaini zioten. Hasierako «hiruzpalau egunetan anaiaren etxean» hartu zuen aterpea, eta «gero auzokoek, Goiko bordakoek, herrian etxea utzi zidaten. 18 hilabete pasatu nituen han eta Asteitzaga baserrikoek, berriz, ardientzat tokia utzi zidaten». 

Bihotzez eskertu nahi izan du alde batera edo bestera eman zioten laguntza, eta orduko jaialdiak ere bihotzean ditu: «dirua biltzeko herri kirol eta kantu jaialdi handiak egin zituzten Leitzan eta bietan plaza bete zen». Horrez gain, «bankuan kontua ireki zuten eta herritarrek eta herritik kanpokoek ere lagundu zuten». Haietako bakoitza gogoan du Sagastibeltzak: «jendeak asko lagundu zidan, borondate handia erakutsi zuen eta lagundu ziguten guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke, besterik ezin diet egin». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun