Gaur hasiko da Goizuetako lehen pala txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 12a, 14:00

Pala eskolan ari diren kideetako batzuk, Mirari Etxegia irakasle dutela.

Lehen aldiz pala txapelketa antolatu dute Goizuetako Umore Ona kirol elkarteak pala eskolan ari direnen artean. 18 lagunek eman dute izena eta partidak asteazkenetan eta ostiraletan jokatuko dituzte. Gaur jokatuko dituzte txapelketako aurreneko hiru partidak, 18:30ean hasita.

Mirari Etxegia goizuetarra irakasle dutela, Umore Ona kirol elkarteak ikasturte honetan sortu du pala eskola herrian. Baina horri segida eman nahi izan dio eta denboraldia borobiltzeko eskolako ikasleekin lehen aldiz txapelketa antolatu du. Bederatzi bikotek eman dute izena, aranoarrak dira batzuk eta goizuetarrak besteak, eta generoaren arabera banatu du txapelketa. 

Parte-hartzaileak

Nesketan lau bikotek parte hartuko dute: Nagore Zabalak (Arano) eta Janire Bakerok (Goizueta); Naroa Zugarramurdik (Goizueta) eta Mirari Etxegiak (Goizueta); Marijo Etxeberriak (Goizueta) eta Aiora Apezetxeak (Goizueta) eta Maitane Sarobek (Arano) eta Uxuri Perurenak (Goizueta).

Gizonezkoetan, berriz, bost bikotek eman dute izena: Axier Huizik (Goizueta) eta Xabi Zugarramurdik (Goizueta), Mikel Huizik (Goizueta) eta Ibai Zugarramurdik (Goizueta); Xabier Legarretak (Arano) eta Andoni Larraldek (Goizueta); Fernando Goiak (Goizueta) eta Mikel Zugarramurdik (Goizueta); eta Joseba Apezetxeak (Goizueta) eta Iker Mirandak (Goizueta).

Aste honetako partidak

Txapelketako lehenengo jardunaldiko partidak asteazken eta ostiral honetan jokatuko dituzte, eta hortik aurrerako partidak ere asteazkenetan eta ostiraletan jokatzeko asmoa dute. Finaleko data, ordea, ez omen dute zehaztu, baina Igor Elizegi Umore Ona kirol elkarteko lehendakariak TTIPI-TTAPAri aurreratu dionez, ekain erdialdera izanen da.

  • Maiatzaren 12an, asteazkenean
    1. partida 18:30ean. N. Zabala eta J. Bakero, N. Zugarramurdi eta M. Etxegiaren kontra.
    2. partida, 19:00etan: A. Huizi eta X. Zugarramurdi, M. Huizi eta I. Zugarramurdiren kontra.
    3. partida, 19:30ean: X. Legarreta eta A. Larralde, F. Goia eta M. Zugarramurdiren kontra.
  • Maiatzaren 14an, ostiralean
    1. partida, 18:30ean: M. Etxeberria eta A. Apezetxea, M. Sarobe eta U. Perurenaren kontra.
    2. partida, 19:00etan: M. Huizi eta I. Zugarramurdi, J. Apezetxea eta I. Mirandaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun