Julen Olano leitzarra Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako hurrengo kanporaketan izanen da

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 10a, 20:00
Julen Olano eta Txomin Amundarain elkarri bostekoa ematen, lehia estuaren ondotik.

Lekunberrin larunbatean jokatutako saioan aritu ziren hamabi aizkolarietatik hiruk lortu dute txartela

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko jardunaldia jokatu zuten maiatzaren 8an Lekunberrin, baita Hiru Hamarreko harri-jasotze txapelketakoa eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketakoa. Aizkoran, Julen Olano leitzarrak, Etxarri-Aranatzeko Goizeder Belzak eta Arribeko Ibai Soroak lortu zuten hurrengo kanporaketarako txartela.

Aizkoran, hamabi aizkolari aritu ziren lehian, hurrengo kanporaketan aritzeko eskubidea emate duten hiru txartelen bila. Eskualdeko ordezkaritza Leitzako Julen Olanok eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxeak osatu zuten. Beraiekin batera, Mikel Agirre (Ondarroa), Beñat Amade (Getxo), Txomin Amundarain (Arribe), Goizeder Belza (Etxarri-Aranatz), Jon Esnal (Usurbil), Ruben España (Valsain-Segovia), Borja Fernandez (Valsain-Segovia), Marco Nevado (Revenga-Segovia), Luis Polanco (Otxandio) eta Ibai Soroa (Arribe) aritu ziren, launa aizkolariko hiru multzotan banatuak.

Lehenbiziko multzoan aritu zen Beintza-Labaiengo Jon Telletxea hirugarren izan zen, Txomin Amundarain eta Mikel Agirreren gibeletik eta hortaz, ez zen bigarren faserako sailkatu. Bigarren multzoan bigarren izan zen Julen Olano, Ibai Soroaren gibeletik eta biek lortu zuten bigarren faserako txartela eta hirugarren multzoan, Goizeder Belza eta Borja Fernandez izan ziren bi aizkolari bizkorrenak. Honela, bigarren fasean, buruz buruko lehian, 17 segundorengatik nagusitu zitzaion Julen Olano letzarra Txomin Amundaraini, hurrengo kanporaketarako sailkapena lortuz. Ibai Soroak erraz irabazi zion Borja Fernandezi eta Goizeder Belza ere nagusi izan zen Mikel Agirreren kontra.

Gizonezkoen harri-jasotze txapelketan Beñat Telleria eta Aimar Galarraga aritu ziren eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketan, Aroa Sanchez oriotarra harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta borobilarekin aritu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun