Proiektua bukatuta, maiatzean edo ekainean hasiko dira Lorentxoren bordako bide ondoan araztegi berria eraikitzen eta Joxan Ruiz alkateak Ttipi-Ttapari kontatu dionez, «bospasei hilabeteko obra izanen da. Urri edo azaro alderako eginen dute eta urte bukaerarako martxan izatea espero dugu». Udan egitea erabaki dute «maldaren egonkortasuna bermatzeko eguraldi lehorra egokiagoa delako». Gisa honetara, «aspalditik ezinbestekoa zen azpiegitura» egia bilakatuko da alkatearen hitzetan.
Izan ere araztegi zaharra aspalditik egoera kaskarrean egon da: «Duela bederatzi urte Herri Aiherriz taldea udalean sartu ginenean araztegia ez zegoela egoera onean ikusi genuen, baina 25 bat urte izanen zituen horrela. Hodiak mugituak eta txikituak zituela konturatu ginen eta berrikuntza behar zuela». Hori horrela, NILSA erakunde publikora jo zuten eta «bederatzi urte beranduago etorri zaigu orduko eskaera haren erantzuna».
«Araztegia aspalditik ezinbestekoa zen»
Joxan RUIZ, Aranoko alkatea
Araztegi berria «herriak behar duen azpiegitura» izanen delakoan dago Ruiz. Alde batetik, «herriaren biziraupena bermatzeko ezinbestekotzat» jo du eta bestetik, «Arano herri jasangarri izateko bidean» lagunduko duela azpimarratu du: «uraren osasuna oso garrantzitsua da eta horretarako ezinbestekoa da errekak ahalik eta garbien mantentzea eta zaintzea».
Bestalde, araztegiaren ezaugarriei buruz ere aritu da alkatea. «Argindarrik gabekoa izanen da, dekantazio bidez funtzionatuko du».
Obra NILSAren gain
Nilsak bere gain hartuko du obra: lanen aurrekontua 470.000 bat eurokoa da, eta saneamendu-kanonaren bidez finantzatuko dute. Horri udalak joan den urtean, dirulaguntzak erabiliz, herriko saneamenduko hoditeriak berritzeko egindako obra gehitu behar zaio: «Guztira 600.000 euro baino gehiago izanen dira», aipatu du alkateak. Egindako obren harira, «lanak lurra altxatu gabe egin zituztela» gaineratu du.
«Herri batek bizirauteko azpiegiturak behar ditu»
Joxan RUIZ, Aranoko alkatea
Araztegiaz gain, NILSAk «Goiko Herriaren eta Beheko Herriaren arteko lotura eta Beheko Herritik araztegira doan hustubidea» eginen ditu eta hori baino lehen araztegiko sarbidea ere bai.
«Ez hori bakarrik»
Alkateak nabarmendu duenez, hori izanen da «udalaren aurtengo proiektu nagusia». Baina argi utzi nahi izan du «herri batek bizirauteko azpiegiturak eta zerbitzuak behar- beharrezkoak dituela. Araztegia ezinbestekoa da, baina ez hori bakarrik. Denetarik behar dugu». Eta Aranoko lehentasunei begira jasota, «leku estalia edo frontoiari estalpea ematea» eskatu du, sinetsita dagoelako halakoak «herri baten iraunkortasuna beratzeko gakoak» direla.