Mimukai proiektuaren baitan egiten ari diren parte-hartze prozesuko zazpigarren saioa izan zen apirilaren 22an Goizuetan egin zutena. Bileran orain arteko prozesuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, eskualdeko enpresen datuak mahai gainean jarri zituzten eta Mimukai juridikoki egituratzeko aukerez ere aritu ziren. Elena Irigoien Cederna Garalur elkarteko eskualdeko teknikariak TTIPI-TTAPAri kontatu dionaren arabera, «ez zen erabakiak hartzeko bilera izan baina eztabaida sortu zen eta ekarpen interesgarriak bildu genituen». Aurrera begira eman beharreko pausoez ere mintzatu ziren.
Otsailaren 25ean hasi zen Mimukai proiektuaren parte-hartze prozesua, Leitzan 1. sektoreko langileekin egindako bileran. Geroztik, otsaila, martxoa eta apirileko hainbat ostegunetan elkartu dira zenbait sektoretako langileekin eta interesa daukaten herritarrekin, proiektuaren nondik norakoak zehaztu eta sektoreen arteko zubiak sortzeko eta 160 parte-hartzaile baino gehiago izan dira. Hurrengo astean bukatuko da prozesu hau, maiatzaren 6an, Leitzan eginen duten saio irekian. Denen artean «proiektua asko gorpuztu» dutela diote.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!