Emakume indigenei osasuna hobetzeko aukera emanez 'Zure gorputza maitatu' tailerra hasi dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 23a, 16:00

«Leitzan bizi diren emakume indigenek askotan adierazi dute kirola eta gorputz lanketa gustura eginen luketela, baina ariketa fisikoa egiteko zailtasunak dituzte eta horrek askotan haien osasunean eragina izaten duela ikusi dugu». Behar horri erantzuteko helburuarekin, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarteratze eta berdintasun programak  tailerra jarri du martxan.

Maite Perurena Loiarte gizarteratze teknikariaren eta Amaia Paz Vallejo berdintasun teknikariaren arabera, «emakume indigenek beren osasuna hobetzeko aukera izateko» helburuarekin jarri dute martxan. Martxoaren 22an hasi zuten tailerra, eta adierazi dutenez, «orain arteko balorazioa oso positiboa izan da. Parte-hartzaileak pozik daude eta batez beste parte-hartzea hamar lagunekoa izaten da». Maiatzaren 31ra arte segituko dute bide beretik, astelehenero 17:30etik 18:30era Atekabeltzen bilduz. 

Tailer honetan, alde batetik,  parte-hartzaileek «gorputzak adierazten dituen abisuak identifikatzeko» aukera dutela diote Perurenak eta Pazek, eta bestetik, «gorputz-luzaketak egiteko eta gorputzaren jarrera lantzeko tekniken bitartez abisu horiek kontziente egin eta lantzen dituzte». Gisa horretara, «giharretako tentsioak gutxitzen, koordinazioa hobetzen, eguneroko ekintzak gusturago egiten, gure gorputzaren ahalmenen eta berezitasunen kontzientzia hartzen eta geure burua ezagutzen» laguntzen dietela aipatu dute teknikariek. Hala, «malgutasuna eta gorputzeko tentsio guneak lantzeaz gain, arnasketa eta norberaren gorputz kontzientzia lantzen laguntzen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun