Garazi Erbiti Goienetxe

«Egoera zaila den arren ez dut uste azken kontzertua eman dugunik»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 24a, 12:00

«Musikarekin eta musikarentzat» bizi den leitzar gaztea da Garazi Erbiti Goienetxe (Leitza, 1994). Musika du zaletasun, musika ogibide eta musikaren bueltan pasatzen du eguna: «arratsaldetan Hizkuntza Musikala eta gitarra irakasten dut eta goizetan klase horiek prestatzen aritzen naiz». Ez da gaurkoa musikarekiko duen lotura, bere bizitzan «beti» lekua izan duen alorra da, baina orain inoiz baino gehiago, musika bizitzeaz gain musika bizibide duelako.

Gitarra, panderoa, kontrabaxua, pianoa...

«Txiki-txikitan» hartu zuen gitarra eskuan eta ordutik ez du askatu: «zortzi urterekin hasi nintzen gaur egun lan egiten dudan musika eskolan bertan». Horixe izan da «denbora gehien» eskaini dion tresna. Ez da, ordea, bakarra, beste tresna batzuk ere ikasi baititu: «ondoren panderoa ikasten hasi nintzen eta kontserbatorioko erdi mailan bigarren instrumentua aukeratu behar zenez, hiru urtez kontrabaxua ikasi nuen». 
Horien atzetik gehiago ere etorri ziren: «goi mailan sartzeko piano ezagutzak eskatzen zizkidatenez, pixka bat ikasi nuen eta gaur egun, nire kabuz, trikitixa saltseatzen hasi naiz».

Hamar urte, hamaika plaza

Etxean, kalean, lanean, lagun artean... musikak beti du tokia Erbitirentzat. Batzuetan dantzatzeko eta besteetan dantzarazteko erabiltzen du. Azken helburu horrekin, 2011n, beste batzuekin batera, Gabenara taldea sortu zuen: «Araitz eta Larraungo trikitixa eta pandero hirukote batek talde bat osatu nahi zuen eta gitarra-jotzailea behar zutenez niri deitu zidaten. Ondoren, bateria-jotzailea aurkitu genuen eta urtebetez entseguak eginda, plazara ateratzera animatu ginen».

«Erromeria taldeentzat gerta zitekeen okerrena da hau»

Garazi ERBITI, Leitzako gaztea

Hamar urtez, hamaika plazatan ibili dira, harik eta pandemia ailegatu zen arte: «2020ko uda pixkanaka betez zihoan, gainera Kataluniako herri batera joatekoak ginen eta uda gerturatu ahala emanaldi guztiak ezeztatzen joan ziren».

Emanaldiek bai, baina musikak ez du etenik izan: «Konfinatuta geunden garaian, taldeak bizirik jarraitzen zuela sentitzeko, bideo pare bat egin eta sareetan zabaldu genituen». Jendearen «babes handia» jaso zuten «eta gure animorako asko balio izan zuen». Etxetik ateratzeko aukera eman zutenean, berriz ere lanean hasi ziren: «begi bistan kontzerturik ez bagenuen ere, entseguren bat egin genuen, baina berriz ere herrien arteko mugak jarri zituzten eta entseatzeko aukera kendu ziguten».

Oraindik ezin elkartu dabiltza, baina gogoak bere horretan dirau: «urte bete baino gehiago daramagu plaza bat zanpatu gabe eta entseguak egiteko zailtasunekin. Horrela talde bat mantentzea oso zaila da, baino oraindik gogotsu gaude eta ez dugu uste gure azken kontzertua eman dugunik».

Erromeria taldea izanik,  musika dantzagarria jotzen dute eta pandemiaren ondorioz hori «atzean gelditu» da bere ustez: «erromeria taldeentzat gerta zitekeen okerrena gertatu da».

Musika eta mugimendua

Plazan ez baina eskolan aurrera egitea lortu du leitzar gazteak eta musika klaseak izan ditu gotorleku. «Lau eta hamaika urte bitartekoei musika klaseak eta adin guztietakoei gitarra klaseak» ematen dizkie. Txikiagoentzat, berriz, «musika eta mugimendua ikastaroa» izaten du: «orain lau urte hasi nintzen eta 3-4 urtekoentzat izaten da. Eskolan musikari txikiak tailerra (0-3 urtekoentzat) ematen hasi ziren eta gure ikasleak lau urterekin hasten direnez ikasketari jarraipena eman behar zitzaiola ikusi zen».

«Sentimenduak azaleratzeko eta deskonektatzeko balio du musikak»

Garazi ERBITI, Leitzako gaztea

Tailerretan «memoria, arreta mantentzeko gaitasuna, koordinazioa, sentsibilitatea, sormena eta ongizate emozionala» lantzen dute eta «musika komunikazio bide izanik, haurren adierazteko gaitasuna garatzeko ere aproposa» dela uste du Erbitik. Gehiago ere bada: «musika mugimenduarekin elkartzeak haurrak bere gorputza ezagutu eta kontrolatzea ahalbidetzen du».

Horretarako, ikastaroan «haurrek musikan arreta jar dezatela eta musikak sortzen dizkien erreakzioak aska ditzatela» bilatzen dute: «perkusio txikiko instrumentuak, telazko painuluak... erabiltzen ditugu gelako material moduan eta pertsonaia bezala beraientzat gertukoen direnak erabiltzen dira, hau da, ipuinetako pertsonaiak (animaliak, natura...)».

Apirilaren 16an hasi zuten tailerra eta, 23an, 30ean eta maiatzaren 7an segituko dute lanketarekin: «lau saioak basoko istorioetan girotuta daude. Adin honetan ezagunak zaizkien abestiak errepikatzea gustatzen zaienez, ekintza batzuk saioz saio errepikatzen dira eta pixkanaka gehiago sartzen ditugu». Azken batean «musika zaletasun» bihurtzea dute helburu eta txikitatik elikatzen den harremanak gerora «sentimenduak azaleratzen edo egoeraz deskonektatzen» lagun dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun