Unai Miranda Berroeta

Udal eraikinen planarekin aurrera segitzen du Goizuetako udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 24a, 11:00

Ospitale zaharrean belaunaldiarteko sei bizitza egin nahi ditu udalak 

Urtarrilean herritarren aurrean aurkeztu zuen udal eraikinen etxebizitza planarekin lanean jarraitzen du udalak. Bide horretan, inkesta ere egin du herritarren etxebizitza beharra aztertzeko, eta horren emaitzak egunotan jasotzekoak dituztela adierazi dio Unai Miranda alkateak Ttipi-Ttapari.

Horiek jaso bitartean, halere, lanean jarraitu du udalak eta joan den astean ospitale zaharrean egin nahi duten proiektua aurkezteko bilera deitua zuen 60-75 urte bitarteko herritarrekin. 

Ospitaleko zaharreko proiektua

Mirandak azaldu duenez, «belaunaldiarteko bizitzak» egin nahi dituzte garai bateko ospitalean: «udalak 2011n ospitalea eraberritzeko proiektua egin zuen, alokairu sozialera bideratzeko sei apartamentu egin nahi izan zituen, baina proiektua ez zen aurrera atera». Hamar urte beranduago orduko egitasmoari heldu dio udalak, baina «beste ikuspegi bat» eman nahi izan dio belaunaldiarteko bizitzak eginez: «gazteentzat eta edadetuentzat irtenbidea izan daiteke. Izan ere, herrian edadetu asko daude eta horietako batzuen artean beharra bazela ikusten genuen». Horren harira antolatu zuten joan den asteko bilera, «etorkizuneko erabiltzaile potentzial horiekin harremanetan jarri, proiektua aurkeztu eta beraien beharrak eta gabeziak zein diren jakiteko».

«Goizuetarentzat anbizio handiko proiektua da»
Unai MIRANDA, alkatea

Proiektuaren aurrekontuaren inguruko «datu zehatzik ez» duela dio alkateak baina milioi bat euro baino gehiago kostako delakoan dago. Onartu du «Goizueta bezalako herri batentzat anbizio handiko proiektua dela», baina herritarrentzat aukera ona izan daitekeela sinetsita daude eta han eta hemen ate joka hasiak dira: «Nafarroako Gobernuarekin eta beste instituzioekin harremanetan jarriak gara eta argi dugu beraien parte-hartzea ezinbestekoa izanen dela. Dirulaguntzarik gabe proiektu hau aurrera ateratzea ezinezkoa izanen da». 

Beste udal eraikinak

Ospitale zaharrean «belaunaldiarteko sei bizitza» egin nahi ditu udalak, baina ez da eskuartean duen proiektu bakarra. Udak eraikinen planean,  alde batetik, «eskola zaharrean alokairu sozialera bideratzeko bi bizitza eraberritu nahi ditugu» eta bestetik, «garai bateko medikuaren etxean eta kontsultan babes ofizialeko bizitza egin eta saltzea» dute begiz joa.

Dena den, oraindik «asmoak» direla azpimarratu du Mirandak: «orain herritarrekin kontrastatzen eta konpartitzen ari gara benetako beharrak eta egoera zein den ikusteko, eta horren arabera segituko dugu aurrera». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun