Plazaola eta meatzearen inguruko jardunaldiak asteburuan Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 22a, 12:00

Arratsaldean ibilaldi gidatua bizikletan antolatu dute Leitzatik abiatuta Bizkotx meategira.

Apirilaren 19an ireki zen Leitzako Herri Aretoko erakusleihoan Plazaola eta meatzeak erakusketa, igandera arte ikusgai egonen dena. Apirilaren 24an, honekin zerikusia duten hainbat ekitaldi eginen dituzte.

Kontatzeko asko duen ondarea izenpean, Herri Aretoan bertan izanen dira goizeko jardunaldiak. 09:30etik 10:00etara Leitzako Udalak Plazaola TrailGazers proiektuarekin eta Plazaola Partzuergoarekin aurkezpena eginen dute. 10:00etatik 10:30era lehenengo solasaldia izanen da Mikel Ozkoidiren eskutik, Ondare inmateriala (Lan-dokumental etnografikoa) izenekoa. Hurrengoa 10:30etik 11:00etara izanen da, Burdina Taldeko Xabier Cabezonek emanen duena; Leitzaran Plazaolaren garaian.

Atsedenaldiaren ondotik, 11:30ean TrailGazers proiektuak sortutako bideoaren aurkezpena eta argazki lehiaketaren sari banaketa eginen dute. 11:40etik 12:10era Enrique Diazen txanda izanen da, Trenbideen Ondarea: Plazaola solasaldiarekin. Goizeko azken hitzordua 12:10etik 13:30era Kristina Urrutiak moderatutako solasaldia izanen da; Iraganeko testigantzak leitzarren ahotan.

Arratsalderako ibilaldi gidatua bizikletan antolatu dute Leitzatik abiatuta Bizkotx meategira. 17:00etan aterako da Leitzako Geltokitik eta 17:45ean Burdina Taldeko J. R. Berriondoren eskutik Plazaolaren jatorria: Bizkotx meategia azalpen saioa izanen dute. 18:30ean eginen dute itzulera.

Goizeko ekitaldiek 127 laguneko edukiera mugatua izanen dute, arratsaldekoak, berriz, 30 pertsonakoa. Interesatuek izena aitzinetik eman beharko dute, formulario hau betetzen edo Lekunberriko Turismo bulegora deituz 948 507 204 zenbakira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun