«Izeba Anparoren argazki haiek tortura agerian jartzeko balio izan zuten»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 21a, 16:00

Gaurko egunez, duela 45 urte, atxilotu zuen Guardia Zibilak Anparo Arangoa leitzarra eta atxiloaldiaren ondotik atera zizkioten argazkiak mundu osoan egin ziren ezagun. Tolosako kuartelean jasandako kolpeen ondorioz, ospitalera eraman zuten Arangoa eta hantxe atera zizkion argazkiak Javier Yabenek, Patxi Zabaletarekin batera. Jon Arangoa Abadia Anparoren ilobaren ustez, «argazkiek jakina zena agerian uzteko balio izan zuten».

1976ko apirilaren 21ean atxilotu zuten Anparo Arangoa leitzarra, Sarrio lantegiko atarian. Tolosako kuartelera eraman zuten eta eguna Iruñeko ospitalean bukatu zuen. Argiak 2013an egindako erreportajean argitaratu zuenez, «zazpi-zortzi agenteren artean mila basakeria egin eta Leitzara itzuli zuten berriz, jadanik hilzorian. Gauerdian, guardia zibilen emazteak Arangoaz errukitu ziren eta herriko medikuari deitzean, bere egoera larria ikusirik Iruñeko Virgen del Camino ospitalera eraman zuen honek. Ospitalean ingresatzean idatzi zuten diagnostiko klinikoa da dugun dokumentu ofizial bakanetakoa: Hematoma oso zabalak eta sakonak izterren gainaldean, azpialdean eta ipurmasailetan; giltzurrun-blokeoa eta heste-blokeoa».

Javier Yaben eta Patxi Zabaleta ospitaleko gelara sartu eta argazkiak atera zituzten, eta handik aurrera han eta hemen zabaldu ziren. Jon Arangoaren hitzetan, «jakina zen tortura informazioa ateratzeko armatzat eta zenbait sektoretan beldurra sortzeko erremintatzat erabilia zela, baina argazki horiek tortura agerian utzi zuten eta askori begiak irekiarazi zizkion».

Serviniren eskuetan

Orduan sortu gabea zen Jon Arangoa, eta «helduak ginenean ikasitako gaia» dela argitu digu: «etxean sumatzen da marka handia utzi zuela». Baina harro mintzo da joan den urtean izeba-osabek hartutako bideaz: «urteetan etxean isilpean mantendutako gaia izan da, baina justizia eta erreparazioa lortze aldera, gertatu zena kaleratzea erabaki dute eta eskerrak eman nahiko nizkieke», bere ustez, «horrek guregan ere eragin positiboa izanen duelako, etorkizunari behar den terminoetan ekiteko».

Bide horretan, 2019ko urtarrilean, sei lagunek salaketa aurkeztu zuten Tolosan, 1975 eta 1976 urteen artean guardia zibilaren Tolosako kuartelean eta Jesus Muñecas Aguilar kapitainaren aldetik torturatuak izan zirela salatuz. Anparoren izenean Juan Arangoa bere anaiak aurkeztu zuen salaketa. Kasua Maria Servini Argentinako epailearen eskuetan dagoela dio Jon Arangoak, baina «kontua oso motel» doala gaineratu du: «Traba asko» jartzen ari dira eta esperantza askorik ere ez dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun