Apirilaren 23an bukatuko da egurra lortzeko izena emateko epea Areson

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 19a, 18:00

Herriko mendi komunaletan eroritako zuhaitzen egur loteak lortzeko garaiz daude oraindik aresoarrak.

2019an Aresoko Udalak mendi komunaletan eroritako zuhaitzak eskuratzeko zerrenda osatu zuen eta 2020an herritarrei zerrendan izena emateko aukera gogorarazi zitzaien. Udazkeneko haizeteak direla-eta, nabaria izan da eroritako zuhaitz kopurua, eta gaur egun udala zuhaitz horien egurra basoetatik atera eta bide ondoetara hurbiltzeko lanetan dabil.

Egurra prest egotean herritarrei jakinaraziko zaie eta loteak banatzeko zozketa aurreko urteetan bezala eginen dute. Zerrendako herritar bakoitzak udaletxera joan, zenbakia atera eta momentuan diruz ordaindu beharko du, edo aurretik transferentzia egin bada ordain agiria aurkeztu. Ordaindu beharreko zenbatekoa egurra bidera ateratzeak suposatuko duen gastuak zehaztuko du, zozketa garairako jakinaraziko dutena.

Udalak oroitarazi nahi izan du izena emateko baldintza hauek bete behar direla:

  • Adinez nagusia, adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea
  • Areson erroldatua egotea gutxienez urte bateko antzintasunarekin
  • Urtean gutxienez 9 hilabetez Areson era efektibo eta jarraian bizitzea
  • Toki-erakundeekiko zerga-betebeharrak beteta eta zorrik ez izatea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun