Oinatz Mariezkurrena

«Kontzertuetan gure %100 ematen dugu eta hori antzematen da»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 11a, 10:00

Oinatz MARIEZKURRENA, Leitzako musikari gaztea

Ttiki-ttikitatik gustuko izan du musika Oinatzek. Orain, Leitzako Katez taldearen bateria-jotzailea da.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua? 

Musika pasio duen 24 urteko leitzar gaztea.

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

Musika etxean txikitatik ikusi dudan gauza denez, ia nahigabe ni ere bide beretik joan naiz.

Zein musika-tresna jotzen duzu?

Umetatik bateria izan nuen begiz joa eta bederatzi urterekin hori ikasten hasi nintzen, gaur egunera arte.

Noiz eta nola hasi zen Katez taldea?

Lagunarteko amets batetik sortu zen taldea. Betidanik esaten genuen egunen batean talde bat sortuko genuela eta azkenean, 2012an elkartu eta kantuen bertsioak jotzen hasi ginen. Geroztik, ez gara musika sortzetik gelditu.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Sei partaidek osatzen dugu taldea, denak herrikoak eta lagunak. Mikel eta Manex gitar-jotzaileak, Unai eta Markel abeslariak, Julen baxu-jotzailea eta ni, Oinatz bateria.

Zein musika estilo jotzen duzue?

Metalcore estiloa da gurea. Unaik gure musikari gogortasuna ematen dio eta Markelek goxotasuna.

2016an Gaztea Maketa lehiaketa irabazi zenuten. Beste saririk lortu duzue?

Hori izan zen gure sari potoloena, baina, Iruñerriko eta Gazte Danbadako txapelketetan ere irabazle izan ginen.

'Argiz iluntzen' zuen azken lana da...

Argiz iluntzen gogo handiz sortutako diskoa da. Gauza berriak sartzen saiatu gara eta ilusio handiz konposatu eta grabatu dugu.

Zer da taula gainean gehien gustatzen zaizuna?

Taula gainean sortzen dugun giro ona da gehien gustatzen zaidana. Kontzertu guztietan %100 ematea da gure helburua, eta hori gure artean sortzen den giroan antzematen da. Taula gainean gaudenean kanpoko mundua ahaztu, musikan zentratu eta ongi pasatzen saiatzen gara.

Eta gutxien?

Kontzertu aurretik izaten diren itxaronaldi luzeak...

Zein helburu dituzue?

Pixkanaka goraka joatea da gure helburua eta, ahal den neurrian, gure musika eta estiloa Euskal Herri mailan sustatu eta hedatu nahiko genuke. Bestalde, jendeari betiko musikatik haratago gehiago ere badagoela ohartarazi eta erakutsi nahi diogu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun