Trail Gazers argazki lehiaketa antolatu du Plazaola Partzuergoak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 31a, 19:00
Zenbait hobekuntza egin dituzte Plazaolako bide berdean. Argazkia, Kitarranbuelta inguruan ateria da.

Aste Santuari eta udaberriari begira aisialdi seguruaren aldeku apustua egin dute

Plazaolako bide berdea Trail Gazers BID (Interreg-Atlantic Area) proiektuak lotzen dituen Europako zortzi ibilbideko sare baten parte da, eta, testuinguru horretan, Aste Santurako, apirilaren 1etik 11ra, argazki lehiaketa antolatu dute Plazaolako bide berdean.

Plazaolako bide berdeko eta bidetik hurbil dauden herrietako paisaia, kultura eta ondare ingurunearen argazkiak bildu nahi dituzte.

Interesa dutenek argazkiak Instagramen (@trail.gazers) partekatu ahal izango dituzte. Lehiaketari buruzko informazio osoa www.trailgazers.eu webgunean eta proiektuko sare sozialetan kontsulta daiteke. Irabazlearentzako saria kirol-kamara bat izango da, naturan irudiak lortzeko aproposa.

 

Zerbitzu eta aukera berriak

Plazaola Partzuergoaren baitan, Aste Santuari eta udaberriari begira zerbitzu eskaintza zabala izango da eta nobedade interesgarriak izango dira publiko guztiarentzat, bereziki familientzat.

2020ko pandemia eta osasun krisiak geldiarazi egin zuen zerbitzu eta jarduera batzuk abiaraztea. Horietako asko Aste Santutik aurrera jarriko dira martxan, betiere behar diren neurriak eta edukiera murriztuta.

Lekunberriko Beigorri abentura parkeak behin betiko irekitzen dizkie ateak arborismoa eta tirolinak maite dituztenei.

Latasan (Imozko udalerria), eta, zehazkiago, Plazaolako bide berdean, Imozko Nordic Walking zentroa osatzen duten 5 ibilbideetako bat dago, duela hilabete eskas inauguratu zena.

Latasan bertan, bide berdearen eta kiroldegiaren ondoan "Bitelgia" dago. 2020. urtearen hasieran irekia, jatetxe zerbitzua, bertako produktuen salmenta, bizikleten alokairua eta tailerra ditu.

Plazaolako bide berdeak, gainera, txoko berriak ditu ingurune honen balio natural eta kulturala ezagutzeko aukera ematen dutenak, hala nola Ondare Kultur Elkarteak 2020an egindako Ixkier parkea eta Mugiroko Ixkier ur-jauzia (Larraun); Lekunberriko Malkorra begiratokia, Iturraskarrik egindakoa; eta Lekunberri Bike taldeak, Le-kunberriko udaleren laguntzarekin, 2020an sortutako Hirumuga Bike Park.

 

Hobekuntzak bide berdean

Bide berdeak gainera, hainbat hobetze-lan izan ditu 2020an Leitzako zenbait tuneletan, Nafarroako Gobernuaren ekimenez, eta Lekunberriko Bartoloko tunelaren denboraldi baterako ordezko -tartean (Nafarroako Sare Esploratzailearen laguntzarekin).

Nobedade hauei gehitu behar zaizkie Plazaolaren lurraldean finkaturik dauden beste eskaintza batzuk. Adibidez, naturan bisita gidatuak, Aralarko eta Urbasako men-dietan, Mirua enpresaren eskutik; edo, bide berdean bertan, bizikletak alokatzeko zerbitzuak, Lekunberrin eta Latasan.

Eta naturaren erdian ere, Mendukilo kobazuloa dugu gure inguruko altxorretako bat. Kopuru mugatuekin eta neurri egokiekin, haitzulora bertara bisita tematikoak es-kaintzen ditu.

Lizason eta Eltson (Ultzama), plana ezin hobea da familiarentzat: Lizasoko Picht&Putt zelaia (golfean hasteko aproposa) eta Ezkurdi erlezaintzako museoa (Eltso), erakusketa, tailerra, dastaketa eta ezti-salmentarekin.

Eztitik gure lurraldeko beste produktu garrantzitsu batera: Idiazabal gazta. Uztegiko Antsonea (Araizko bailara) eta Etxarriko Bikain gaztandegiek gazta-dastatze gidatua eta artzainen kultura gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dituzte.

Eta, hain zuzen, kulturak eta etnografiak bat egiten dute Iñaki Perurenak Leitzan sortutako Peru Harri parke berezian. Harriaren tradizio bizia, euskararekin, baserriarekin eta abarrekin duen harremana ezagutzeko esperientzia paregabea.

Kasu guztietan, taldeak eta bisitak COVID neurrietara egokituta daude, eta, informazio gehiago nahi izanez gero, Lekunberriko Turismo Bulegora dei daiteke (948 507 204) edo zuzenean hornitzaileekin harremanetan jarri behar da.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun