Belaunaldi eta estilo talka izanen da eskuz binakako Master Laboral Kutxako Irungo final handian

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 30a, 18:00

Iera Agirre leitzarra eta Maite Ruiz de Larramendi, Leire Garai eta Oihana Orbegozoren kontra ariko dira igande eguerdian Urantzun

Baldintzarik errazenetan izan ez bada ere, eskuz binakako Master Laboral Kutxa 2021 txapelketak lortu du bere bide propioa egitea eta igande honetan bere txapelak banatuko ditu Irungo Uranzu pilotalekuan. Igande eguerdikoa, gainera, handia dator, orain arte Asteasun eta Irunen bertan ikusitakoaren arabera, lehiaketako bi bikoterik indartsuenak arituko baitira elkarren aurka; Iera Agirre leitzarra eta Maite Ruiz de Larramendi, Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreren kontra.

Zoritxarrez, pandemiak eraginda, bigarren urtez segidan, Irungo finalak ateak itxita jokatu behar izanen dira, baina pilotazaleek ETB1eko kameren bidez ikusi ahal izanen dute ikuskizun handi hau, 12:00etan hasita. Jaialdia hasteko, Irantzu Etxebeste beratarra eta Olatz Ruiz de Larramendik, Leire Garai eta Oihana Orbegozoren aurka jokatuko dute hirugarren posturako lehian. Gogoratu behar da gainera, jaialdi honetan estreinatuko dituztela pilotariek Astore etxeak denboraldi berrirako diseinatutako elastiko berriak.

Final handia

Finala jokatuko duten bi bikoteek aurkariak erraz menderatu dituzte orain arte, elkarrekin ederki moldatzen direlako eta lehiakorrak direlako. Hori bai, beraien joko moldeak guztiz desberdinak dira. Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarrek ofizio handiko bikotea osatzen dute, ez dute erasoan joko ikusgarririk egin behar izan izan finalera heltzeko, baina zaila da hauei tantoa egitea eta ez dute deus ere oparitzen kantxan. Iaz, Irunen bertan, Binakako txapelak jantzi zituzten pilota goxoarekin, baina pilota mistoarekin ere bikain moldatzen direla erakutsi dute material honekin jokatutako lehen txapelketan. 

Gazteagoak dira Olatz Arrizabalaga bizkaitarra eta Naroa Agirre gipuzkoarra eta alde horretatik igandekoa belaunaldi arteko dema bat ere izanen da. Jokatzeko moduan ere ezberdinak dira Arrizabalaga eta Agirre. Gernikako aurrelaria sasoi betean heltzen da final honetara, saketik hasita, pilota mistoarekin min handia egiten du erasora jokatuta eta jokoaren ekimena eramatea gustatzen zaion pilotaria da. Eta horretarako lagun ezin hobea topatu du kantxako zulo guztiak betetzen dizkion zestoarrarengan. Pilotari segurua da eta orain arte maila bikaina erakutsi du. Buruz buru dagoen pilotaririk eraginkorrenetako bat izanda, binaka ere onenetakoa dela erakusteko gogoa du Olatz Arrizabalagak eta, bide batez, iazko arantza atera, bere binakako lehen txapela eskuratzeko aukera pasatzen utzi baitzuen iazko finalean, Uranzun bertan.

Bertze hiru urte EITBrekin

Gaur Irungo Ola sagardotegian egindako aurkezpen ekitaldian Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria, Borja Olazabal, Irungo Kirol zinegotzia, Iñaki Elortegi, Laboral Kutxako ordezkaria eta eta Joseba Urkiola, EITBko kirol zuzendaria egon dira eta laurek zorterik onena opa diete pilotariei. Urkiolak, gainera, zenbait berri ere eman ditu, izan ere, EITBk bertze hiru urterako hitzarmena sinatu du Emakume Master Cupeko antolakuntzarekin eta, beraz, emakumeen esku pilotarik onenak lekua izaten segituko du ETB-1n. Gainera, iaz estreinatutako Plazandreak egitasmoak jarraipena izanen du eta aurten ere programa ETBn ikusi ahal izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun