Jose Jabier Etxeberria Salaberria

«Guardiako langileen baldintzak ez dira beste tokietan bezalakoak»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 28a, 09:00
Jose Jabier Etxeberriari urtebete gelditzen zaio erretiroa hartzeko.

Jose Jabier ETXEBERRIA SALABERRIA, Goizuetako medikua.

Goizuetako mediku-laguntzaile bat herritik joan daitekeela ohartarazi du Nafarroako Medikuen Sindikatuak. Horren harira, «guardiako langileen arazoa aspaldikoa» dela adierazi du Etxeberriak

«Guardiako medikuen eta erizainen arazoa aspaldikoa da Goizuetan». Hori argi utzi nahi izan du Jose Jabier Etxeberria Salaberria herriko medikuak. Prentsan Nafarroako Medikuen Sindikatuak egindako oharraren harira galdetu diogunean egin ditu adierazpen horiek. Goizuetako mediku-laguntzaile bat beste toki batera joan daitekeela ohartarazi du sindikatuak, lan baldintzak aldatzeko eskatu arren, ez duelako erantzunik jaso eta beste toki batean hobeak eskaini dizkiotelako. Etxeberriak ezaguna du Goizuetako osasun etxeko martxa, 1993tik herriko medikua eta 2009az geroztik bertako mediku titularra baita. Aitortu digunez, «herrikoa izanda eta herrian bizita, ez ditut beste lankideek dituzten gabeziak sumatzen» baina badaki zein den egoera eta bere hitzetan, «guardiako langileen baldintzak ez dira beste tokietan bezalakoak».

Lanordu asko

Eremu berezia izendatua da Goizueta, eta hori horrela, «osasun etxean 24 orduko guardiak egiten dituzte eta guardiako mediku eta erizainek lokalizatuak egon behar dute». Eskakizun hori ez da arazo beretzat: goizeko txandan aritzeaz gain, astean behin guardia egiten du baina «Goizuetan bizi naizenez lokalizatua nago».

Bestelakoa da arratsaldeko guardiak egitera kanpotik etortzen diren osasun profesionalen egoera: «egunero-egunero zazpi orduko lanorduak egiten dituzte, eta gainerako hamar orduak guardia bezala dira. Ez dira lanorduak, baina lokalizatuak egon behar dute, eta ondorioz, Goizuetan». Horretarako apartamendu txiki bat ere badute herrian, mediku eta erizainarentzat. Etxeberriak azaldu duenez, «lanorduetatik aparte beste hamar ordu sartu behar dituzte baina ordu horiek etxean egonen balira bezala ordaintzen dizkiete. Jendeak lanetik aparte badu bere bizia eta baldintza horietan ezinezkoa da hemen jarraitu nahi izatea».

Kontuak kontu, «aldiro mediku eta erizain berriak» dituztela kontatu digu Etxeberriak, eta bere irudiko, horrek zerbitzuan eragina du: «hemen lan egiteak ingurua ezagutzea eskatzen du, pistak, baserria... Eta euskara jakiteko eskatzea asko izanen litzateke. Kanpotik aldiro profesional berriak etorrita, ez dute tokia ezagutzen eta horrek zerbitzuaren kalitatea okertu dezake».

«Aldiro guardiako mediku eta erizain berriak ditugu»

Jose Jabier ETXEBERRIA, Goizuetako medikua

Ez hori bakarrik. Alde batetik, «medikuak eta erizainak apartamentu ttiki batean ordu asko egon behar dutela eta elkarren artean harreman handirik ez dutenak izan daitezkeela» aipatu du. Eta bestetik, Gipuzkoara joateko duten ohiturak sortzen duen «berezitasuna» nabarmendu du: «dena Gipuzkoara, Hernaniko eta Donostiako anbulatorio eta ospitaleetara, bideratzen dugu. Protokoloak eta prozedurak ez dira Nafarroan bezalakoak eta horretarako baliabide informatiko eskasak ditugu». Hutsune hori «Gipuzkoako osasun profesionalekin dugun harreman onari eta borondateari esker moldatzen» dutela dio. 

Erretiroa hartzeko urtebete

Laster bere plaza ere hutsik geldituko da, urte bat gelditzen baitzaio erretiroa hartzeko.  Pandemiaren ondorioz, azken urtean «beste era batera» lan egitea tokatu bazaio ere, «zorteko» sentitzen da «herrian orain arte sei positibo bakarrik» izan dituztelako. Alde horretatik, «ez dut lan zama gehigarririk sumatu».

Agerian utzi du «lana gustuko» duela, «lan polita» dela eta «jendearekin harreman estua» duela azpimarratu nahi izan baitu. Hala ere, hanka bat hemen eta bestea etorkizunera begira jarria du eta «bizitzako beste faseari pena handirik gabe» helduko diolakoan dago goizuetarra. Are gehiago, «erretiroa buruan, ilusioz» dago.

Hutsik geldituko den bere plazaren gaia ere mahai gainean jarri du Etxeberriak eta hori saihesteko gakoa «baldintza egokiak eta plaza finkoak eskaintzea» dela konbentzituta dago. Eta gauza bera guardiak egiten dituzte profesionalekin: «arratsaldetan egoten diren mediku eta erizainak kontratu finkorik gabe daude, hilabetero berrituz. Bistan da segida behar duten kontratuak direla». Horregatik eskatu du  «geografikoki eremu berezietan dauden herrietako egoera aztertzeko eta horren araberako eskaintza jatorrak egiteko». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun