Ez ohiko batzarra deitu du Umore Ona elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 24a, 17:00

Goizuetako Umore Ona elkarteak ez ohiko batzarraren deia egin du larunbaterako, martxoaren 27an, 16:30ean. Honez gain, 17:30ean ohiko batzar orokorra eginen da.

Iazko batzarran elkartearen Estatutuen 12. artikulua aldatzea adostu ondoren, larunbatean proposatuko dituzte aldaketa berriak. Bazkide berria izateko modua nabarmen aldatuko dela azaldu du ekartearen lehendakariak, Miel Joxe Lekuonak; "orain aukera bakarra senide baten heriotzaren ondorioz da". Proposamenak aitzina egiten badu, bazkide batek borondatez baja eman nahi badu beste pertsona bat sartzea proposatu ahalko du, inolako kosturik gabe.

Aldaketa hau gauzatzeko arrazoirik handiena, Lekuonan esanetan, "254 bazkideen artean askok elkartea ezertarako erabiltzen ez dutela" da, eta pixkanaka baja ematen hasiko direla. Ondorioz, bajak estaltzen dituzten bazkide berriak Umore Ona Elkartea askoz gehiago erabiliko dutela espero du lehendakariak, "oso ongi etorriko zaigu, erabilera ere jaisten ari baita".

Aldaketa handi honez gain beste artikuluren bat aldatzeko aprobetxatuko dute ez ohiko batzarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun