Sarrerak salgai Goizuetan Txiki umoristak eginen duen bakarrizketarako

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 24a, 14:00

Ion Martinez, Txiki, umoristak 40 urte eta aldapan behera nihek! bakarrizketa aurkeztuko du larunbat honetan, martxoaren 27an, Goizuetako Udaletxeko Ganbaran 18:30ean.

Barre Librea saioko umoristak 40 urte betetzearen inguruko bakarrizketa honetan bere ikuspuntua emanen du zahartzearen inguruan. Goizuetako estankoan sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroren truke.

Sinopsia

40 urteak beteta badituzu eta bizitzako aro berri batean sartu zarela oraindik onartu ez baduzu, AniMIAU! hurrengo testa erantzutera:

Parrandan irten eta bigarren tabernan eserita al zaude? Ez al dituzu parrandako abestiak ezagutzen? Su ta Gar entzuteari utzi eta Erramun Martikorena aitzera pasa al zara? Tabernetara ordez kafetegira joatea nahiago al duzu?? Kañak edan ordez, tea edaten hasi al zara? Jaietako gazte bazkarian zaharra sentitzen al zara? Dagoeneko txikitako kontuak behin eta berriz errepikatzen al dizkiezu? Etxean telebistari mintzatzen hasi al zara? Oteiza baino marmartiagoa bihurtu al zara? Eta lo egiteko pijama
jartzen al duzu?

Jakin, 10etik 5 baiezko erantzunez gero Santa sekulan pentsatuko ez zenuen 40 urteko pertsona heldu batean bihurtu zarela bere kalapita guztiekin.

Horrelako bizipenak eta beste hainbat gehiago entzun nahi badituzu, TXIKIrekin batera algara festan parte hartzeko gonbidapena hemen duzu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun