A-15eko bidesaria mantenduko dutela adierazi du Gipuzkoako Aldundiak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 22a, 17:00

Espainiako Auzitegi Gorenak martxo hasieran ebatzi zuen A-15 eta N-1 errepideen zati jakin batzuk erabiltzeko kanona arautzeko lehen legea, 2016koa, legez kanpokoa zela, kanpoko garraiolariak diskriminatzen zituela iritzita. Horren harira, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur goizean adierazi du 2018koa dela indarrean den araua eta hortaz, «bidesariek indarrean jarraituko dutela» bi errepideetan.

«Baliogabetutako araua 2018az geroztik ez dago indarrean». Horixe azpimarratu du gaur Oiarbidek Azpiegituren Batzordean egindako agerraldian, «une horretan egungo 6/2018 Foru Arauak ordezkatu baitzuen». Hala, «6/2018 Foru Araua betetzen jarraituko dutela» erran du «eta beraz, bidesariek indarrean jarraituko dute Gipuzkoan».

Horrekin batera, errepide bidezko garraioaren erabileraren ordainketak Gipuzkoako Batzar Nagusien agindu bati erantzunen diola oroitarazi du: «batzorde txostengile baten arabera, lurraldeko ahalmen handiko errepideak mantentzeko finantzaketa-modu bideragarri bakarra zen, eta horrela berretsi zen indarrean dagoen foru-araua onartuta».

Diputatuak adierazi duenez, Foru Aldundiko zerbitzu juridikoak Auzitegi Gorenaren epaia aztertzen ari omen dira, haren aurka errekurtsorik jarri behar duten zehazteko, «bere oinarri juridikoetan ez zaie erantzunik ematen sortutako gai nagusietako batzuei». 

Bertzalde, Oiarbidek «dena posible dela» aipatu du: «Auzitegi Gorenak kontuan har dezake Foru Aldundiak egin duen ahalegina, kanona ezarri zen bideetan egin daitezkeen ibilbide-aukerak zehatz-mehatz eta modu didaktikoan azaltzeko. Adibide errazekin azaldu dugu bakoitzaren zenbatekoa eta diskriminaziorik eza». Etzegarateko portuan kanonaren zenbatekoa handiagoa izatea «arrazoi objektibo batengatik» dela ere gaineratu du: «kanona igarotzen den eremuaren orografiaren ondorioz, kontserbazio-kostu handiagoa eskatzen duelako. Hori Europar Batasuneko araudiarekin bat dator».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun