Iera Agirre leitzarra Eskuz Binakako Master laboral Kutxa 2021 txapelketaren finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 22a, 13:00

Maite Ruiz de Larramendirekin batera, Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreren kontra ariko da apirilaren 4an Irunen

Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirrek jokatuko dute eskuz binakako Master Laboral Kutxa 2021 txapelketako finala apirilaren 4an Irungo Urantzu pilotalekuan, larunbatean Irungo kantxan jokatutako finalerdietan nagusitu eta gero. Finala nafarren eskarmentuaren eta bizkaitarraren eta gipuzkoarraren ilusioaren arteko norgehiagoka izanen da, eta, batez ere, larunbat arratsaldean jokatutako finalerdietan argi ikusi den bezala, txapelketako bi bikoterik indartsuenen arteko partida, bi bikoteek uste baino errazago irabazi baitituzte finalerako txartelak.

Bere berezitasunekin, biak ederki moldatzen diren bikoteak dira, kimika berezia dutenak, eta printzipioz, lehen mailako final bat ziurtatzen dutena.

Lehen partida ezusteko batekin hasi zen, inor gutxik espero baitzuen Olatz Ruiz de Larramendik aitzineko koadroetan jokatuko zuenik. Etxean bakartuta dagoen Irantzu Etxebeste beratarraren ordez sartu zen Naroa Elizalde zubietarra aurrean espero zuten pilotazaleek, baina buruz burukoan ohituagoa dagoelako, sakez ere min gehiago egin zezakeenaren asmoz, Olatz Ruiz de Larramendik bere postua aldatzea erabaki zuten aurkariak ezustean harrapatzeko asmoz, baina estrategia erabat alferrikakoa izan zen, ez baita erraza Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik osatutakoa bezalako bikote sendo bati aurre egitea. Bizi ibili zuen pilota Olatzek, baina oraindik mugimenduetan eta tantoa bukatzerako orduan asko du ikasteko, batez ere aurrean halako arerio zailak izanda. Bazuten partida erdian estrategia aldatzeko aukera eta Olatz Ruiz de Larramendi atzera bueltatzea, baina ez zuten halakorik egin nahi izan.

Final laurdenetan bezala, uste baino errazagoa izan zen partida iazko pilota goxoko irabazleentzat. Asko arriskatu behar izan gabe, hasiera-hasieratik (6-1) izan zuten markagailua aldeko eta alde hori ongi kudeatu ahal izan zuten. Azkenerako Iera Agirre izan zen sakearekin min handia egin zuena, denera zazpi tanto ere egin zuen lehen pilotakadarekin eta bukaeran baino ez ziren izan urdinak jarraian lau tanto egiteko gai, eta honekin markagailua apur bat txukuntzea izan zuten (22-12).

Bigarren finalerdiak hasiera eta bukaera oso desberdina izan zuen. Izan ere, hasiera lehiatu eta orekatua izan zen, bana, bina eta hirunako berdinketekin, baina hortik aurrera Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre goitik behera nagusitu zuren. Elkarrekin ederki moldatzen den bikotea osatzen dute Gernikakoak eta Zestoakoak. Bizkaitarra joko bolada izugarrian dago, saketik hasita, min handia egin zien gasteiztarrari eta azpeitiarrari eta, bereziki bigarren zatian, erasoan distira handia erakutsi zuen, airez ere tantoa bikain bukatuz. Eta joko horretarako lagun ezin hobea du Naroa Agirre. Oso pilotari segurua da zestoar gaztea, apenas galtzen du pilotarik eta larunbatean, gainera, ongi moldatu zen Oihana Orbegozori ezkerra topatuz. Tantoaren ekimena eurena izan zen ia partida osoan eta halakoetan Olatz Arrizabalagak ez du barkatzen.

Lana eta jarrera ezin zaie ukatu Leire Garai eta Oihana Orbeogozori, gasteiztarrak ale ederren bat ere utzi zuen, baina aurkariak gehiago izaten direnean ez dago txalo egitea bertzerik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun