Heldu den astelehenean odola emateko aukera izanen dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 16a, 14:45

Nafarroako Odol-emaileen Elkarteko unitate ibiltaria Goizuetara joanen da heldu den astelehenean, martxoaren 22an. Odola emateko, aurretik izena ematea ezinbestekoa izanen da.

Astelehenean, martxoaren 22an, 17:30etik 20:30era Goizuetan odola emateko aukera izanen dute. Harrera Osasun Etxean eginen dute eta odola emateko autobusa plazan egonen da. Hitzordua hartua dutenek bakarrik izanen dute odola emateko aukera. Beste norbaitek odola eman nahiko balu, 848 42 05 73 telefonora deituz edo www.adona.es webgunean eman beharko luke izena.

Covid-19a tarteko, hona hemen ADONA Nafarroako Odol-emaileen Elkartearen gomendioak:

  • Osasunez ongi egotea ezinbestekoa da odola emateko.
  • Ongi hidratatua egotea komeni da.
  • Azken 28 egunetan Covid-19a duen edo hala duela uste duen norbaitekin harremanetan egon bada, ezin da odola eman.
  • Covid-19aren sintoma arinak izan baditu, edo asintomatikoa izan bada, PCR negatiboa jaso eta 15 egunen buruan eman daiteke odola, edo sintomak desagertu edo medikuaren alta jaso duenetik hilabete batera.
  • Sintoma hauek izanez gero ezin da odola eman: sukarra, eztul idorra, mukia, eztarriko mina arnasteko arazoekin, usaimenaren edo dastamenaren galera, beherakoa...
  • Azken 15 egunetan Europako bertze herrialde batean edo azken 30 egunetan Europatik kanpo ibili bada ezin da odola eman.
  • Garbitasun neurriak hartzea ezinbestekoa da: eskuen garbitasuna, maskararen derrigorrezko erabilera...
  • Etxetik atera aurretik sukarra hartu behar da eta 37º baino gehiago izanez gero, ezin da odola eman.
  • Odola eman eta ondoko 14 egunetan koronabirusarekin lotutako sintomarik izanez gero, 848 422 570 telefonora deitu behar da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun