Giltzurrunetako eta pankreako transplanteak eginak ditu, eta aitortu digunez, «giltzurrunekin oso ongi gelditu nintzen, baina pankrearekin akats bat izan zen eta ez zen ongi atera». Ikusmen arazoak ere baditu, «2001az geroztik» eta «begi bat galdua dut». Hori horrela, «urtero Bartzelonara joaten naiz bai giltzurruna bai bista ongi ditudan ikusteko». 2019az geroztik, ordea, Bartzelonako medikuen aurrez aurreko osasun azterketarik gabe gelditu da: «Joan den urteko martxoaren 9an eta 10ean nituen kontsultak, baina orduko egoera ikusita eta koronabirusarekin kutsatzeko beldurrez, ez joatea erabaki nuen». Ordutik «telefonoz izan ditut Bartzelonako medikuekin harremanak». Baita Donostiako Ospitalean, «endokrinoarekin eta nefrologoarekin izaten ditudan hitzorduak» ere.
«Bizimodua erabat aldatua»
Pandemiak «bizimodua erabat aldatu» dio Uitziri, baita berarekin bizi den 91 urteko amari ere: «elkarrekin bizi gara eta berari laguntzen diot». Uitziren kasuan, osasun azterketak aurrez aurre egitetik telefonoz egitera pasatu da. Gehiago ere bai. Pandemiaren hasieran, «2020ko martxoaren 13tik ekainaren 8ra etxetik atera gabe egon nintzen». Eta gerora, herritik atera gabe gelditu da: «ama eta biok Hernanira egun-pasa joateko ohitura genuen, anaiarekin bazkaltzera… Hori bukatu da». Joan den urteko martxoaz geroztik, «hiru aldiz atera naiz herritik», eta horietan «Hernanira analitikak egitera joateko» izan da: «analisiak espezifikoak egin behar izaten ditut, eta Goizuetan ezin ditudanez egin, Hernanira joan behar izaten dut. Lagunarekin joaten naiz, eta osasun zentroko atean uzten nau. Analisiak egin eta atean hartzen nau segituan etxera bueltatzeko».
Familiarekin «ezin egoteak» ere «tristura» sortzen dio: «ilobak ezin ditut ukitu eta asteburuetan anaia etortzen denean, distantzia mantenduta egoten gara. Horrek asko izorratzen du. Gainera ama asmatikoa da eta ezin du maskara paratu itoko litzatekeelako eta oraindik distantzia gehiago behar da ez kutsatzeko».
«Niregatik ama kutsatuko balitz, kontzientziaren harrak ez lidake bizitzen utziko»
Miren Terexe UITZI SALABERRIA
Beldurra
«Osasunez ongi» dagoela dio goizuetarrak, «oraingoz, analitika guztiak ongi atera zaizkit». Baina agerian utzi du «beldur handia» sentitzen duela: «badakit koronabirusa harrapatuz gero, Gerbaxioren baratzera noala». Eta are gehiago kezkatzen du amak: «niregatik ama kutsatuko balitz, kontzientziaren harrak ez lidake bizitzen utziko».
Horregatik, «arriskua» baduela ikusita, «neurriak hartzea garrantzitsua» iruditzen zaio. «Gu ibiltzen garen bezala, ongi kasualitatea izanen litzateke kutsatzea, baina hala ere, beldurra ematen du». Kexu da «batzuek neurriak ez dituztelako errespetatzen»: «batzuek gaizki egiten dutelako, nik ez kutsatzeko, zer egin behar dut, etxean gelditu? Denoi gustatzen zaigu sozializatzea!». Alde horretatik, «zenbait berekoiak direla ikusten dut, beraien buruan pentsatzen dute eta listo eta horrek errabia ematen du, baita tristura sortu ere».
Txertoa
Txertoaren gaia ere mahai gainean jarri du goizuetarrak eta orain arte hartu edo ez, zalantzak izan baditu ere, orain itxaropen pixka bat piztu dio: «2013an transplantatua izan nintzen eta lehenbiziko hiru urteetan gripearen kontrako txertorik ez hartzeko esan zidaten. Horregatik, koronabirusaren kontrako txertoa hartu edo ez zalantza dut. Baina bai hemengo bai Bartzelonako medikuek ere hartzea gomendatu didate eta orain prest nago hartzeko. Pfizer etxearen txertoak %95eko eragina duela diote eta transplantatuetan %60koa dela. Baina deus ez baino gehiago da eta hartuta aukera gutxiago izanen dut kutsatzeko edo gutxienez samurrago harrapatuko dut».
«Koronabirusa sartu zenetik berdintasuna lortzeko bidean atzera egin dugu»
Miren Terexe UITZI SALABERRIA
Berdintasunerako bidean atzeraka
Uitziren irudiko, «pandemiak ez die berdin eragin gizonezkoei eta emakumezkoei, ezta inondik ere». «Emakumeak aisago bidaltzen dituzte lanetik, askotan gutxiago irabazten dutelako etxean gelditzen dira, zaintza lana arrunt feminizatua da, umeak etxean egon behar izan dutenean gehienetan emakumezkoak arduratu dira…». Tratu txarren biktimak ere gogoan izan ditu: «Zer gertatu da jipoituak direnekin? Nora jo behar dute pandemia garaian? Inora ezin mugituz, isilik, aguantatzen gelditu dira asko». Argi du «pandemiak bereziki emakumeei eragin diela» eta konbentzituta dago «koronabirusa sartu zenetik, berdintasuna lortzeko bidean atzera egin dugula». Horregatik, «norbere burua zaintzeko» dei egin die emakumeei, «gure artean elkartu behar dugu, ezin dugu besteen esperoan egon».