M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

«Pandemiak zaintza lana ageriago uzteko balio izan du»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 13a, 13:00

Ohiana KALPARSORO FORKADA, Arano

Lanean sumatu ditu pandemiaren ondoriorik handienak Ohiana Kalparsoro Forkadak (Arano, 1990), baina ez beste toki askotan bezain azkar. Diseinu estudio bat dute Aranon eta kontatu digunez, «itxialdian, etxetik aritu ginen lanean eta lan dezente izan genuen. Aldaketarako momentuak ziren, jendeak online formatura egokitu behar izan zuen eta horrekin lan asko izan genuen». Gerora, ordea, «dena egonkortu zenean, lana jaitsi zitzaigun. Jendea zer gastatu eta zer ez begiratzen hasi zela nabari zen eta horren ondorioa sumatu genuen».

Oporretatik bueltan irailean abiatu zuten ikasturtea, baina itzulera ez zen nahi bezalakoa izan: «ondo bidean erritmo normala azaroan hartu izanen genuen, baina egoera honekin, otsailean hasi ginen». Horrek, ezinegona sortu diela aitortu du: «azarotik otsailera arte kezkatuak ibili ginen».

Tarte hori «barne hausnarketa egiteko» baliatu zutela kontatu digu: «gure ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko, kontabilitatea berrikusteko, webgunea berritzeko…». Lanaren «alderdi komertziala» ere aldatu behar izan dute: «lehen jende artean ibiltzen ginen proiektuak ezagutzeko eta zerbitzuak aurkezteko, eta orain oso diferentea da».

Lanetik aparte ez du aldaketa handirik sumatu egunerokoan. «Itxialdian Donostiara joan nintzen, izeba bat han bakarrik zegoelako eta ni Aranon bakarrik izanda, elkarrekin egotea pentsatu genuen. Handik aritu nintzen lanean». Baina Aranora itzulita, «nahiko antzeko» ikusten du bere egunerokoa: «egia da asteburuetako aisialdia asko aldatu dela eta Aranotik Gipuzkoa aldera joateko ohitura handia dugunez, zentzu horretan muga oso presente dugula. Baina hortik aparte, egunerokoan, lanetik etxera eta etxetik lanera ibiltzen naiz eta ez zait askorik aldatu».

«Pandemiarekin denok alde emozionalari askoz gehiago begiratu diogu»

Ohiana KALPARSORO FORKADA

Gainerakoan, emakumezkoengan eta gizonezkoengan pandemiak nola eragin ote duen galdetuta, «inguruan ez dut desberdintasunik sumatu» erantzun du: «orokorrean emakumezkoei gehiago eragin izanen diela pentsatzen dut, zaintza lanetan batez ere emakumezkoak aritzen garelako, eta hor lanak asko gehitu direlako. Baina nire inguruan ez dut nabaritu alderik». Zaintza aipatuta, «pandemiak haurren eta jende helduaren zaintza lana ageriago uzteko balio izan duela» iruditzen zaio Kalparsorori. Ez hori bakarrik: «pandemiarekin denok alde emozionalari ere askoz gehiago begiratu diogu, baita pentsatzen ez genuenek ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun