Goizuetako Udalak herriko etxebizitzen eskaerari buruzko inkesta eginen du asteburuan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 11a, 19:00

Goizuetako Udalak Etxebizitza Batzordea 2016an martxan jarri zuen.

Etxebizitza Batzordeak etxebizitzen eskaera hobeki ezagutzeko eta herritarren beharrak, iritziak eta eskariak biltzeko, inkesta bat egitea erabaki du

Asteburu honetan, Goizuetako Udaleko Etxebizitza Batzordeko kideak etxez etxe ibiliko dira inkestak banatzen. Herritarrek astebeteko epea izanen dute inkesta betetzeko, eta hitzartutako egunean udalkideek herritarren etxeetatik inkesta bilduko dute.

Etxean inkesta hartu ez duten herritarrek Goizuetako Estankoan eta Arropa dendan izanen dute galdetegia eskuratzeko aukera.

Inkestaren emaitzak udalarentzat zein herritarrentzat hagitz baliagarriak izanen dira. Izan ere, erantzunak jaso eta ondorioak atera ondotik, udala herritarren beharrei erantzuna ematen ahaleginduko baita.

Etxebizitza eskaintza webgunean

Etxebizitza Batzordeak udaleko webgunean etxebizitza eskaintza atala dagoeneko erabilgarri dagoela gogorarazi du. Hor, etxebizitza edota lokal bat saldu edota alokatu nahi duten herritarrek beraien eskaintza argitaratzeko txoko bat izanen dute. Iragarkia jarri nahi dutenek udala@goizueta.eus helbidera idatziz edo Goizueta Info telefonora (687 83 23 86) deituz edo Whatsapp bat bidaliz egin dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun