Lurraren Txokoa martxan jarriko dute Areson

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 11a, 13:00

Edonorentzat irekia da Lurraren Txokoa.

Proiektuaren helburua ekoizle eta kontsumitzaileentzat elkartrukerako gunea izatea da

Bertakoa salduz eta erosiz, herria josi. Helburu horrekin sortu du Aresoko kontsumo arduratsuaren aldeko taldeak Lurraren Txokoa. Taldekideek azaldu dutenez, Lurraren Txokoa izeneko Sastinea tabernan jarriko duten gune bat izango da: «bertan aresoarrek saldu nahi dituzten produktuen edota eskaintzen dituzten zerbitzuen iragarkiak jarri ahal izango dituzte». Elkartrukerako gunea izango da ekoizle eta kontsumitzaileentzat.

Edonork parte har dezake eta eskaintzak egiteko edo erabilpenari buruzko edozein zalantza izanez gero, Lourdes, Geno edo Trinirekin hitz egin daiteke. Parte hartzeko hainbat arrazoi eman nahi dituzte: «bertako produktuak kontsumitzeak herria aberastu eta bizirik mantentzen laguntzen du, ingurugiroarentzat mesedegarria da eta lanpostuak sortzen dira». Gainera gure larre eta soroek eskaintzen dizkiguten produktuen kalitatea eta hurbilekoak ematen duena bermea azpimarratu nahi izan dute, «eskura dugu, denon mesederako da eta aukera baliatu dezagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun