[Bideoa] Lourdes Huizi goizuetarra gogoratu dute Iruñean suhiltzaileen zaindariaren egunean

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 9a, 10:56

Martxoaren 8an egin zuten ekitaldi instituzionalean Nafarroako Jauregian eta oroigarria eta lore-sorta eman zien Nafarroako Gobernuak iaz hildako suhiltzailearen senideei

Suhiltzaileen zaindariaren eguneko ekitaldian egin zuten atzo eta iaz erretiratutako 15 suhiltzaileak eta 2020an hildako Lourdes Huizi suhiltzaile goizuetarra izan zituen gogoan Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak.

Remirez kontseilariak eskerrak eman zizkien «Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzutik larrialdiari eta bereziki, pandemiazko urte berezi honetako osasun larrialdiari kalitatezko erantzun bat emateko» beren hoberena eman duten guztiei. Remirezek «profesionaltasuna, konpromisoa, prestasuna, laguntasuna eta elkartasuna» azpimarratu zituen, «lan zail eta zorrotzari aurre egiteko».

Ekitaldian, suhiltzaileen zerbitzuaren kasu konkretu bat erreproduzitzen duen sari txiki bat eman zaie Lourdes Huizi Goizuetan hildako suhiltzaile boluntarioaren senideei. Horretaz gain, lore sorta bat ere eman zaie.

Edukiera dela eta, 2020an erretiratutako 15 suhiltzaileei ez zitzaizkien ohiko aintzatespenak eman. Hala ere, nahiz eta ekitaldian zehar aipatuak izan,  dagokien plaka helaraziko zaie. Joseba Azkona, Diego Lopez, Ruben Alvarez de Eulate, Fermin Ilundain, Pedro Aristu, Javier Carlos Zapata, Francisco Javier Etxeberria, Felix Esparza, Carlos Orta, Antonio Cerdan, Fernando Velazquez, Julio García, Angel Jose Crespo, Juan Antonio Armendariz eta Pedro Jose Larregi izan dira.

11.310 esku-hartze 2020an

Nafarroako Gobernuko Suhiltzaileen Zerbitzuak 11.310 esku-hartze egin zituen 2020an. 5.908 salbamendu-jarduketei dagozkie: 4.961 anbulantziako lekualdaketak, 369 zirkulazio-istripuetarako laguntza eta 333 erreskate; horien artean, mendiko, uretako, igogailuetako edo animalien erreskateak daude.

Era berean, 196 esku-hartze egin ziren animalien neutralizazioaren arloan, batez ere abisuen arloan eta 55 organo lekualdatu zituzten transplanteak egiteko. Suteei dagokienez, 2020an 2.183 esku-hartze egin ziren.

Gainera, Suhiltzaileen Zerbitzuak pandemiarekin lotutako hainbat ekintza garatu zituen, hala nola, COVID pazienteak lekualdatzea, egoitzak desinfektatzea, etxeko ospitaleratzean dauden pazienteak hartzeko hotelak prestatzea, altzariak osasun-instalazioetara eramatea edo otorduak banatzea, besteak beste.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun