M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

«Dena aldatuz, sistema arrakalatzeko» deia egin dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 9a, 10:30

Leitzako ziklo feministak aurrera jarraitzen du. Atzo, esaterako, Dena aldatuz, sistema arrakalatu lelopean kontzentrazioa egin zuten Lopenen. Ostegun honetan, Cholitas dokumentala ikusteko aukera izanen dute eta zikloa borobiltzeko larunbatean yoga erlaxazio saioa antolatu dute.

Martxoaren 4az geroztik ziklo feministan murgilduta daude Leitzan, Emakume* Asanbladak, Sastrakak Leitzaldeko Feminista taldeak, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Leitzako Udalak hainbat hitzordu antolatu baitituzte. Egun horretan ireki zuten Geroa ereiten murala Herri Aretoko erakusleihoan. Bertako emakumeen irudiak biltzen ditu muralak Ane Intxausti herritarrak osatutako bertsoarekin. Martxoaren 14ra arte ikusgai izanen da.

Ostegunean Aroa Uharte leitzarrak itzulitako Erle Langileen Amodioak liburua izan zuten hizpide eta larunbatean Erradikalak ginen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. Igande goizean irratsaio-poteo feminista egin zuten eta arratsaldean Sugarren mende liburua aurkeztu zuten. Atzoko elkarretaratzearen ondotik, ostegunean eta larunbatean izanen dute segida ekitaldiek.

Ostegunean, martxoaren 11n, Cholitas dokumentala ikusgai izanen da  18:30ean Herri Aretoan. Sarrerak Astiz eta Maimur liburu-dendetan eskura daitezke borondatearen truke. Larunbatean, azkenik, Gorputzetik plazerera izenburupean yoga erlaxazio saioa eginen dute, 11:00etan. Aurretik izena eman behar da kiroldegian edo sastrakak@gmail.com helbidean. Tokia parte-hartzaile kopuruaren arabera zehaztuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun