Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Egoten ez dakien 31 urteko leitzarra.
Zein zaletasun dituzu?
Musikazalea naiz, kontzertuetara joatea gustatzen zait, batez ere, zutik eta dantzan ikustekoak zirenean. Horrez gain, bizikletan ibiltzea, txakurrekin paseatzea eta irakurtzea ere gustuko ditut.
Noiz sortu zen Sastrakak taldea?
2009an jaio zen ofizialki, baina oinarria urtebete lehenago herriko emakume asanbladatik abiatutako lanketan du oinarri taldeak.
Zein dira taldearen helburuak?
Laburbilduz, esanen nuke, jendarte justu, parekide eta gozagarrigo baten alde ari garela lanean. Mugimendu feministaren ekarpen eta aldarriak gurera ekarriz eta, aldi berean, hari landa eremuko ikuspegitik gure ekarpenak eginez.
M8a berezia izan da...
Arratsaldean elkarretaratzea egin genuen. Aurtengoan, pozik egoteko beste arrazoi bat genuen: Leitzan sortu berri den talde feministaren debuta izan zen!
Otsailean asanblada irekia egin zenuten. Zer adostu zen?
M8aren bueltako egitaraua osatu genuen: irakurketa feministen saioa, irratsaio eta poteo feminista, Cholitas dokumentalaren proiekzioa eta Gorputzetik plazerera izendatu dugun yoga eta erkaxazio saioa egin ditugu martxoaren 4tik 13ra bitartean. Egitarau polita osatu dugu azkenean!
2015ean lehen aldiz dantzatu zuten emakumeek ezpata-dantza?
Pozgarria izan zen emakumeak ere plazan ikustea. Hala ere, oraindik asko dago egiteko: ingurutxoko genero rolak transgreditu, adibidez. Gauza asko berrasma genitzake euskal dantzetan. Dibertigarria litzateke!
Udala formakuntza feministarekin hasi da...
Beharrezkoa da, erabat. Alor eta esparru guztietan bultzatu behar litzateke formakuntza feminista, eta instituzioek eredu izan behar dute horretan.
Leitza herri feminista dela esan daiteke?
Ez dut uste herri feministarik inon existitzen denik. Ikasteko eta desikasteko gauza gehiegi ditugu oraindik. Baina tira, horretarako ari gara lanean...
Aurrera begira zein da Sastraken asmoa?
Bizi dugun egoera berri honetara egokitzeko saiakeran ari gara momentuz, gauzak pixkanaka antolatzen, zaila baita aurrerapen handiarekin ezer egitea. Gauza bat argi dugu: lanean jarraituko dugula, bestelako jendarte eta harreman ereduak beharrezkoak ditugula inoiz baino argiago baitugu.
Zein da Covid-19aren ondorenerako zuen ametsa?
Covid-19aren aurreko bizitza 2020ko martxoaren 8ko parranda ederrarekin agurtu bagenuen, Covid-19aren ondoko aroari ere modu berean eman diezaiogula hasiera: dantzan iraultzan, umorez eta energia feministaz inguratuta!