Olatz Zugasti Perurena

«Aranoko bizipenetatik abiatuz sortu dut Mairu Baratzetan kanta»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 20a, 10:00
Ibilbide luzea du Olatz Zugastik musikagintzan.

Olatz ZUGASTI PERURENA, Harpa-jotzailea eta abeslaria

Arano bihotzean eta oroimenean darama Olatz Zugasti (Hernani, 1965) musikari ezagunak.  Haurtzaroko oroitzapen xumeak bezain gozoak ditu eta,  horiek ardatz hartuz, Mairu Baratzetan kanta egin du.

Hitzei eta doinuei irudia jartzeko lanean ari da orain. Herrira bueltatzeko eta ezin urratuzko aztarna uzteko bide eman dio proiektuak.

Hernaniarra zara, baina baduzu Aranorekin lotura… 

Aitona bertakoa zen. Haurtzaroan eta gaztetan asko joaten ginen. Oporraldiak bertan egiten genituen, asteburu-pasak… Oroitzapen xumeak baina oso politak ditut. Bat-batean Hernaniko hirigunetik hara joatea, mendira… Lehengusuak, familia, elkartzen ginen.

Ordutik lotura horri eutsi diozu?

Bizitzak beste bide batzuetatik eraman nau baina harreman afektibo hori hor dago, aitona maite nuelako eta Arano berezia delako.

Ibilbide luzea duzu musikaren munduan. Noiz eman zenituen lehenbiziko pausoak?

Musikarekin harremana beti izan dut, oso-oso umetatik. Aitaren aldetik zaletasun handia izan dute. Ni sortu nintzenean Ez Dok Amairu hazten ari zen, beraien diskoak bagenituen… Mugimendu hori hurbiletik segitu dugu. Gero Benitorekin hasi nintzen. Hernaniko ikastolara etortzen zen eta han ezagutu genuen elkar. Berak Altabizkar/Itzaltzuko bardoari diskorako ahots tiple bat behar zuen eta garai hartan ez zuenez askorik ezagutzen,  nire ahotsaz gogoratu zen. Halaxe hasi nintzen.

Benito Lertxundiren disko guztietan dago zure ekarpenen bat…

Bai. Harparekin liluratu nintzen, harpa bat eskuratzeko aukera izan nuen eta ikasketekin hasi nintzen. Harpa dela edo kantua dela, disko guztietan aritu naiz. 

Nolakoa izan da elkarlan hori?

Oso emankorra izan da eta da. Bere musika da eta berak nahi duen hori aurkitzen saiatzen naiz, baina ekarpenetara irekia egon da beti.

Horrez gain, bakarlari gisa, bost lan egin dituzu. Zertan aldatu dira lan horiek lehenbizikotik azkenekora?

Lehenengo diskoa entzuten dudanean beti pentsatzen dut ideiak interesgarriak direla eta ados nagoela, baina gaur egun beste era batera eginen nuke. Garai hartan 24 bat urte nituen eta freskotasun hori sumatzen da gai eta kantuetan, originaltasun puntu bat ere bazeukaten, harpatik abiatuak ziren eta hemen ez zen eta ez da ohikoa. Hala ere, gaur egun beste ezaugarri batzuk ditu nire musikak.

Aranorekin lotura duen Mairu Baratzetan kantua egin berri duzu… Nola sortu zen ideia?

Aspaldi hasi nintzen, zirriborro batzuk eginak nituen Arano gai hartuta kantu bat egiteko ideia horri tiraka… Dena den, askotan nire kantak ez dira oso definituak eta ezin dut zehaztu zertaz ari naizen, pertzepzioak dira. Mairu-baratzeetara noa, baina bidean inauterietan gelditzen naiz, herriko giroan galtzen naiz, nostalgian barrena… Bertan bizitakotik zerbait adierazteko nahia da. Ez naiz ez nire aitonaz, ez cromlechez ari… Aranok eragindako sentipenez baizik eta tartean keinu txikiak daude. Adibidez, ‘zure oihartzun hunkituak bil nazan maitekiro’ horretan aitonari egiten diot erreferentzia, malko errazeko gizona zen eta…

Zergatik Mairu Baratzetan?

Monumentu horiek leku jakinetan daude eta Euskal Herrian daudenen artean bat hori da. Lotura hori egitea polita iruditu zitzaidan. Arano eta historiaurreko harrizko monumentu horiek, zer ziren oso ongi ere ez dakigun horiek… Misterio bat direnez, polita iruditu zitzaidan. Are zirrara handiagoa eragin dit gure historiaren ikur garrantzitsu bat han dagoela jakin dudanean. Elizaren atzeko aldeko ate batean Nafarroako Erresumaren armarria dago, jatorrizkoa. Hainbeste urtez han ibilia izan arren ez nekien…

Estiloari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?

Doinu askorekin probatu nuen. Eta azkenean, mairu-baratzeekin lotuta, ijito erritmoa eman diot, kantak ero puntu bat ere baduelako. Ukraniako herri doinu bat abiapuntu hartuz neure erara egokitu dut.

Orain bideoklipa grabatzen ari zarete, horren aitzakian herrira buelta…

Hori guztia islatzea ez da erraza eta lehenbiziko aldia da niretzat. Esperientzia berria da, baina garai honetan polita izan zitekeela pentsatu nuen. Irudiak hartzen aritu gara eta gero hori muntatu beharko dugu. Nire buruan dudan sorgin kutsu hori islatzea nahiko nuke. Orainarekin eta iraganarekin lotura hori...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun