«Bakoitzak bizitzan egin duen ibilbideari egokitutako agurra izan beharko luke eta Herri Aretoan hileta pertsonalizatuak egiteko aukera emanez, horixe nahi izan dugu». Hutsune bat betetzea zen Leitzako Udalaren helburua eta halaxe egin dute. Gaiaren inguruan orain arte udalak landutakoa Junkal Otxotorena zinegotziak aurkeztu zuen otsailaren 4an Herri Aretoan, Iñaki Olaizola, Heriotza, hileta-erritoa eta dolua Euskal Herrian liburuaren egilea, ondoan zuela. Gisa honetara, «udalak herrian aspalditik zegoen behar bati erantzuna» emanen diola dio Otxotorenak: «urteetan hainbat herritarrek adierazi izan dute elizatik kanpo hiletak egiteko toki aproposik ez zegoela».
Herri Aretoaren erabilpena arautzeko ordenantza prestatzen ari zirela egin zuen udalak aurreneko urratsa: «Herri Aretoa ohikoak diren ekintzetarako arautzen ari ginela, hileta pertsonalizatuak egiteko leku egokia izan zitekeela ikusi genuen». Hala, «herriko aniztasun kultural eta sozialari» atea zabalduz, gaian gehiago sakontzea erabaki zuten.
Tokia eta gida
Dagoeneko zerbitzua zabalik dago eta hileta pertsonalizatua Herri Aretoan egin nahi duen edozeinek eskura du aretoa. Otxotorenaren hitzetan, «interesatuek udaletxean egin behar dute eskaera eta erabileraren tarifa ordaindu behar dute».
Tokia eskaintzetik haratago, udalak lagungarri izan daitekeen gida ere prestatu du. «Gai honetan oso praktika gutxi dagoela ikusita, eredu bat garatu dugu, eskema bat». Hori bai, Otxotorenak argi utzi nahi izan du «guztiaren oinarrian hildakoaren bizitzan oinarritutako ospakizun bat egitea dagoela. Helburua hildakoaren edo bere hurbilekoen borondatea errespetatuz, modu berezian, pertsonalizatuan eta koherentean agurra egitea da».
Gida lagungarri
Gidan, besteak beste, zeremonian eta aurretik kontuan izan beharreko hainbat jakingarri bildu dituzte: «aretoa atontzeko proposamenak –gradak irekita, aulkiekin, gorputza bertan dela... nahi den–, gonbidapenak nola egin, zeremonia gidatuko duena nola aukeratu eta zer egin beharko lukeen... bildu dugu gidan. Horrekin batera, agurraren irekiera prozesua nola egin, bizitza eta heriotzari buruzko gogoetak, hildakoa gogoratzekoan kontuan hartzekoak eta ekitaldiaren amaiera nola izan daitekeen ere ageri da». Otxotorenaren hitzetan, «behartuz gero, osotasunean edo zati bat erabil daitekeen gida da».
Elkartasun taldea
Tokia utzi eta gida lantzeaz gain, «hileta prestatu behar dutenei laguntzeko lantaldea» sortzea dute orain begiz joa. «Laguntzeko prest egonen liratekeen herritarrekin elkartasun talde bat sortu nahi dugu eta horretarako deia egin diegu herritarrei». Hori da «udalaren proposamena. Taldea ateratzen bada gure asmoa fundazio bat sortzea da, baina herriak eskatzen duen dimentsioa emanen diogu». Lantaldean parte hartu nahi dutenek 617 38 56 22 telefonora dei dezakete.
Kendu ez, osatu bai
Leitzako Udalak 2010ean batzar aretoan hileta zibilak egiteko ordenantza onartu zuen. Otxotorenak argitu duenez, «urte hauetan elizatik kanpoko agurrak izan dira, besteak beste, kalean edo mendi inguruan, baina batzar aretoa ez zen egokia. Hileta edo agur bat egiteko lekuak zerbait esan behar du». Alde horretatik, Herri Aretoa «toki aproposa» dela nabarmendu du: «azpiegitura egokiak ditu».
Garbi utzi nahi izan du «ez diogula inori deus kendu nahi izan eta zerbitzua osatu nahi izan dugula. Bere agurra egiteko tokirik egokiena eliza dela sinesten duenak hor izanen du aukera, baina orain arte agurrerako toki aproposik ez zuenak orain Herri Aretoan badu aukera». Otxotorenaren ustez, «agurrak bakoitzaren sinesmenen eta esperientziaren araberakoa izan behar luke».
Hausnarketarako atea zabalik
«Hausnarketarako» gonbita ere luzatu du leitzarrak: «bakoitzak nolako agurra nahi dugun hausnartu beharko genuke. Zaila egiten zaigu gaiari buruz aritzea, baina Iñaki Olaizolak esan bezala, hiltzen ikasi behar dugu eta gure bizitzako azken etapara ailegatzean, nola hil nahiko genukeen, nolako agurra nahiko genukeen eta ingurukoek nolako dolua izatea nahiko genukeen hausnartu beharko genuke». Sinetsita dago «gaiari aurrez aurre begiratzea oso interesgarria» dela.