Sei segundogatik Urrezko Binakako Aizkolari txapelketako finaletik kanpo gelditu da Joxean Etxeberria zigatarra

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 22a, 18:00
Leitzako Amazabal pilotalekuan aritu ziren aizkolariak: Etxeberria, Otaegi, Ezpeleta, Beltza, Telletxea eta Polanco.

Leitzan igande eguerdian jokatutako jardunaldian, harri-jasotze txapelketako azken finalerdia ere jokatu zuten eta arpanean aritu ziren

Herri kirola maite dutenek gozatzeko aukera izanen zuten igande eguerdian Leitzako Amazabal pilotalekuan. Aizkoran, Zigako Joxean Etxeberriak Unai Otaegirekin bikote eginez eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxeak, Luis Polancorekin, binakako Urrezko aizkolari txapelketako finalerako txartela izan zuten jokoan, Hodei Ezpeleta eta Goizeder Beltzarekin batera. Azken bikote honek lortu zuen, baina segundoko alde bertzerik ez zion atera Etxeberria-Otaegi bikoteari.

Ezpeletak eta Beltzak 21 minutu eta 12 segundo behar izan zituzten lana bukatzeko eta Etxeberriak eta Otaegik, berriz, 21 minutu eta 18 segundo. Polanco eta Telletxeak denbora gehixeago behar izan zuten (25 minutu eta 44 segundo).

Harri-jasotzen Urruzuno finalera

Bestetik, Urrezko Harri-jasotze Txapelketako finalerdia jokatu zuten Inhar Urruzunok eta Iñigo Eizagirre Eizak, ehuna kiloko hiru harrirekin, bi minutu eta erdiko txandetan. Jon Irañeta ere aritzekoa zen, baina min hartua dagoenez, ez zen aritu. Urruzunok 79 jasoaldi egin zituen (40 kopari, 18 kubikoari eta 21 bolari) eta Eizak 69 jasoaldi (32 kopari, 19 kubikoari eta 18 bolari). Hortaz, Urruzuno sailkatu zen finalerako.

Arpanan Sorondo eta Garcia beratarrak gaur egungo Nafarroako txapeldunen kontra

Arpanean, Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garcia, gaur egungo Nafarroako txapeldunak diren Ainhoa eta Maria Iraizozen kontra aritu ziren. 45 ontzako enborrari zortzi epai eman behar izan zizkioten eta lehia estua izan arren, azkenean Iraizoztarrak nagusitu ziren bi segundorengatik.

Amaia Garcia eta Nerea Sorondo beratarrak, Iraizoz ahizpen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun