Larunbatean Leitzan emanen duten 'Erlauntza' filma ikusteko azken sarrerak gelditzen dira

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 19a, 10:00

Larunbat honetan, otsailaren 20an, Herri Aretoan Erlauntzak filma ikusteko aukera izanen da. Leitzako Udalak antolatutako kultur hitzordua 18:00etan hasiko da eta sarrerak bost eurotan salgai daude Astiz eta Maimur liburu-dendetan. Udaletik adierazi dutenez, azken sarrerak baino ez dira gelditzen.

Honela dio filmaren sinopsiak: Ttikitako lagun kuadrilla bat asteburu pasa joanen da landetxe batera beraietako baten ezkondu aurreko agurra ospatzera. Urteak, ordea, ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, deus ez da garai batean bezala; edo bai… Asteburu «eroa» izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira…

Mireia Gabilondok zuzendutako lanean Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Getari Etxegarai eta Leire Ruiz dira aktoreak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun