Leitza, Ezkurra, Areso, Arano, Goizueta, Araitz, Betelu, Lekunberri eta Larraungo ikasleak hartzen ditu Leitzako Amazabal institutuak, eta Estitxu Lertxundi guraso elkarteko lehendakariak TTIPI-TTAPAri adierazi dioenez, «zenbait herritako ikasleek 07:00etan hartzen dute ikastetxera joateko autobusa». Alde horretatik, «herri handien aldean desabantailak dituztela» gaineratu du. «Herri horietako asko despopulatzeko arriskuan daude eta urteotan asko izan dira herri handiagoetara edo hirietara joan diren familiak, baina badira oraindik herri hauetan segitu nahi duten familiak».
«Orain arte DBHkoak bazkalduta joan izan dira etxera eta Batxilergokoek garraio zerbitzua bermatua izan dute».
Estitxu Lertxundi, Leitzako Amazabal institutuko guraso elkarteko lehendakaria
Hain eremu zabaleko ikasleak izaki, DBHko eta Batxilergoko ikasleak urte luzez elkarrekin ibili dira autobusean eta hala jarraitzen dute orain ere. «DBHkoek eskolak 14:20 arte izaten dituzte eta Batxilergokoek 15:15 arte. Tarte hori DBHkoek bazkaltzeko aprobetxatzen dute, eta Batxilergokoak ateratzean, denak elkarrekin, autobus berean itzultzen dira». Hala, «DBHkoak bazkalduta joaten dira etxera eta Batxilergokoek garraio zerbitzua bermatua dute».
Nafarroako Gobernuaren azken erabakiak, ordea, dena hankaz gora jarri die. Gobernuak 2019an jakinarazi zien ikasle garraiatuek jangela zerbitzua izateko eman izan duen dirulaguntza (66.000 euro) bertan behera utziko zuela. Gobernuaren hitzetan, Leitzako institutuaren kasua salbuespena delako hartu du erabakia, Nafarroa osoan jangela duen institutu bakarra delako. Eta halaxe baieztatu zieten atzo, otsailaren 16an, Hezkuntza Departamentutik bidali zieten oharrean.
Horren arabera, «2021-2022 ikasturtean DBHkoen jangela zerbitzua ez dute diruz lagunduko eta Batxilergoko ikasleek autobusa erabili ahal izanen dute, beraien ordutegiak DBHkoenarekin bat egiten badu eta autobusean tokia baldin badago».
«Ordutegiak bateratuta ere ikasleak autobusetik kanpo gelditzeko arriskua argia da»
Estitxu Lertxundi, Leitzako Amazabal institutuko guraso elkarteko lehendakaria
Gurasoak ordutegia bateratzearen kontra
Kontua da, ordutegia bateratzearen kontra daudela familia gehienak. Lertxundik azaldu digunez, «familien artean egin dugun galdeketan, gurasoen %90 DBHko eta Batxilergoko ikasleen ordutegiak ez bateratzearen alde agertu da, hau da, oraingo ordutegia mantentzearen alde». Edozein kasutan,«ordutegia bateratuta ere, «ikasleak autobusetik kanpo gelditzeko arriskua argia da, DBHkoen autobusean tokia egonen balitz bakarrik sartu ahal izanen liratekeelako». Eta ordutegia mantenduta, «autobusa 14:30ean aterako litzateke eta DBHkoak bazkaldu gabe eta Batxilergokoak garraiorik gabe geldituko lirateke».
Sinadura bilketa
Egoera zein den ikusita, sinadura biltzeari ekin diote, change.org-en, eta dagoeneko 300 sinaduratik gora bildu dituzte. Garraio publikoa eskatzen dute, eta hezkuntzatik harago doa eskaera, «herritar guztiak egoera horretan gaudelako: Batxilergoko ikasleak, DBH bukatuta zikloak egitera joaten diren ikasleak, unibertsitatera doazenak, medikuarengana joaten direnak, gidabaimenik gabekoak...». Nafarroako Gobernuari luzatu diote eskaera: «gure herri eta inguruetan, eta Nafarroako beste hainbat tokitan, egoera zein den ikus dezaten nahi dugu, eta gaur egun dauden teknologiak eta Europatik mugikortasunera bideratzen dituzten dirulaguntzak erabiliz, garraio publikoaren arazoair irtenbidea emateko eskatzen diogu, manera edozein dela ere, gure herri eta bailarak elkarren artean lotzeko».
Herri eta bailarak elkarren artean lotzea «ezinbestekotzat» jo dute guraso elkartean: «gure seme-alabek hemen bizitzeko gutxieneko bizi-kalitatea behar dute, inguruan bizitzen eta hazten segitzeko aukera izan dezaten, gure herri eta bailarei bizia emanez. Horrek baldintzatuko du etorkizuneko despopulazioa».